Organo erromantikoaren nazioarteko XIII. zikloa abian da aurten ere. Ohi bezala, Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako udalek elkarlanean antolatu dute eta Azkoitian, Loiolan eta Bergaran izango dira kontzertuak. Bergarakoen kasuan, Santa Marina parrokian, San Pedro obretan dagoelako.
Bihar, Ana Belen Garcia
Bergarako lehen saioa bihar, zapatua, izango da, 20:00etan eta Ana Belen Garcia organo jotzailearekin batera, Andra Mari abesbatzak hartuko du parte. Ana Belen Garcia 1977an jaio zen, Andoainen, eta han hasi zituen musika ikasketak. Ondoren, piano ikasketak egin zituen Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Han amaitu zituen piano eta klabezin ikasketen goi-gradua eta organo-ikasketen erdi-mailakoa. Musikenen amaitu zituen organo-ikasketak, Esteban Landartekin, eta, ondoren, beste zenbait irakasleren eskutik osatu zuen bere prestakuntza.
Garcia organo jotzailearekin batera, Errenteriako Andra Mari abesbatza arituko da Jose Manuel Tiferen zuzendaritzapean. Lau obrako kontzertua egingo dute.