Bizkotxozko eta kremazko artelanak

Arritxu Barruso 2012ko urriaren 5a

Arkitektoa da profesioz, baina afizioz eraikinak beharrean gozoak eraikitzen ditu, eta a zelako gozoak, gainera. Amaia Beistegi bergararrak AEBetan eta Erresuma Batuan horren ezagunak dira cupcake-ak eta gozo artistikoak egiten ditu.

Hain justu ere, kontatu digu Edinburgon kutsatu zela: "Betidanik gustatu izan zait margotzea edo eskulanak egitea, eta baita gozoak egitea ere. Edinburgora bizi izatera joan arte ez nituen bi zaletasunak batzen. Han oso ohikoak dira horrelako gozoak. Tea Party delakoetan asko jaten dira, edo ume bat jaiotzen denean ere oso opari ohikoak dira. Oihalez egindako cupcake-ak ere badaude. Esan daiteke Edinburgon kutsatu nintzela".

Artelanak blogean ikusgai

Beistegik bere blogean (pinceladasdebuengusto.blogspot.com.es) erakusten ditu egiten dituen artelanak. Detaile txikiak eta gustu fina baloratzen dutenek benetan gozatu egingo dute Beistegiren bloga bisitatzen. "Ikasten dudana eta egiten dudana jendeari erakusteko modu bat da. Lagun eta familiartekoek jarraitzen dute, gehienbat, bloga".

Jateko penaz

Horrelako gozo politak jateak pena eman behar du. Dena dela, Beistegik kontatu digu batzuek bi bider pentsatu gabe eramaten dituztela ahora: "Niri horrelako gozo bat oparituz gero pena emango lidake jateak, baina batzuek berehala jaten dute. Niri pena ematen dit apurtzen dutela ikusteak, baina, azken finean, horretarako dira, jateko". Lagunarteko bazkari eta afarietara gustura gonbidatuko dute Beistegi. Izan ere, nork ez ditu gustuko postre ikusgarri horiek?

Tamalez, oraingoz, zaletasuna besterik ez da eta enkarguz egiten ditu gozo artistikoak gertuko lagun eta familiartekoendako. Ea egunen baten negozio bilakatu eta guztion eskura ipintzen dituen gutizia dotoreak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak