Bergarako Uliazpi zentroa: 10 urte adimen urritasuna dutenekin lanean

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko irailaren 28a

Uliazpik Bergaran duen zentroak 10 urte bete ditu. Horren harira bihar, zapatua, bazkaria izango dute eta erakusketa bat ere jarriko dute ikusgai. Uliazpin adimen urritasuna eta laguntza premia handiak dituzten pertsonei eskaintzen diete zerbitzua.

Uliazpik Bergaran duen Zubillaga doktorea zentroak 10 urte bete ditu. Adimen urritasuna duten pertsonen eta euren familien bizi kalitatea garatzen laguntzen duten zerbitzuak eta laguntzak eskaintzea da Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikita dagoen erakunde horren helburua.

Uliazpiren zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsona guztiek adimen urritasuna eta laguntza premia handiak dituzte. Hain justu ere, adimen urritasuna izateaz gain, beste osasun arazo batzuk ere izan ditzakete, hala nola autismo arazoak, zentzumen minusbaliotasunak, mugimendu minusbaliotasunak, buruko gaixotasunak eta portaera problematikoak eta osasun arazoak. Baina Uliazpiko zaindari eta gobernariak dio behar dituzten laguntzak emanda, gai direla beste edozein bezala bizitzeko.


2002ko apirilean inauguratu zuten Bergarako zentroa, batik bat Debagoieneko, baina baita Gipuzkoako beste herri batzuetako pertsonei zerbitzua emateko ere. Gaur egun zazpi zentro dituzte Gipuzkoan barrena: hiru Donostian, eta bana, Hondarribian, Eibarren, Zizurkilen eta Bergaran.

Bergarakoari dagokionez, Eguneko Zentro bat dauka, 20 lagunentzako tokiarekin, eta baita etxebizitza bat ere, zentroan bertan, hamar lagunendako prestatuta. Era berean, Atseden Zerbitzua ere badu, senitartekoei eta artatutako pertsonei euren premiak betetzen laguntzeko.

Gaur egun 18 erabiltzaile daude Zubillaga Doktorea zentroan, gehienak debagoiendarrak, baina baita Gipuzkoako beste herri batzuetakoak ere.

Argazki erakusketa egongo da Urteurrena ospatzeko eta zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, bihar, zapatua, bazkaria egingo dute erabiltzaileek, haien senideek eta zaintzaileek.

Bestalde, Uliazpin arreta jasotzen duten pertsonak ezagutzera emateko asmoz, argazki erakusketa bat ere antolatu dute Bergarako Udaleko Kultura Sailarekin batera. Zu bezalakoa naiz izenburuarekin zentroan dauden pertsona guztiak islatzen dira argazkiotan eta zentroan zaintzaile dagoen Alicia Garcia Tartasek egin ditu.

Urriaren 3tik 21era egongo da ikusgai erakusketa, Bergarako osoko bilkuren aretoan.Horrekin guztiarekin batera, Paul Zubillaga doktorearen hitzaldia ere egongo da eguaztenean. Adimen urritasuna: zertan aldatu den, zertan ari den aldatzen izenburuko hitzaldia egingo du, esan moduan, eguaztenean arratsaldeko 19:00etan, Irizar jauregian.

Ekintza horiekin guztiekin Uliazpikoen helburua da ondo pasatzea eta herritarrak sentsibilizatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak