Luis Mari Azkargorta Kanto euskal preso bergararrak "bizi duen salbuespenezko egoera dela eta", Herrira plataformak hura etxeratzearen aldeko ekimenak abiarazi ditu. Astelehenean udalbatzak egindako osoko bilkuran haren aldeko mozioa aurkeztu zuten eta aurrera egin zuen, gobernu taldearen eta EAJren aldeko botoekin eta sozialisten abstentzioarekin. Mozioan eskatzen da, "Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak 197/2006ko doktrinari buruz ebatzitakoari jarraiki, Espainiar gobernuari zigorra beteta duen Luis Mari Azkargorta “Kanto” preso bergararraren berehalako kaleratzea".
Herrira taldeak azaltzen duenez, Estrasburgoko giza eskubideen tribunalak euskal presoei bizi osorako zigorra aplikatzeko 197/2006 doktrina ez legezkoa eta eskubide urratzailea dela adierazi berri du. Espainiako Auzitegi gorenak doktrina hori indarrean jarri zuenetik, 83 euskal presoren zigorra luzatu du eta 69k zigor osoa betea izan arren, espetxean jarraitzen dute.
Kanto-ren kasuan, 2004ko urtarrilean askatu zuten, zigorraren 3/4ak beteta, baina Espainiako gobernuak berriz espetxeratu zuen 2005ean beste bi urterako. "Kanto-k 24 urte daramatza espetxean. 2007tik kalean egon beharko luke baina 197/2006 doktrina ezarri eta oraindik kartzelan jarraitzen du", diote", Herriratik.
EAJko zinegotzien kasuan, "eskertu" egin zioten Herrirari "aurrez alderdi guztiekin hitz egin eta adostasun batera iristeagatik, uste dugulako hori dela bidea". Bestalde, gaixo dauden presoen gainean ere aritu ziren: "Ezin da onartu hilzorian dagoen gaixo bati buruz hala ibiltzea. Kontua ez da epaitzea zer egin duen. Egin duena larria izanik ere, giza eskubide batzuk ditu, gainontzeko guztiek bezala, eta gainera horri buruzko legedi bat dago, bete behar dena. Giza eskubideetan ez dugu ezbairik onartzen", esan zuten.
Urriaren 5erako manifstazioa deitu du Herrirak, 19:30ean, San Martin plazatik abiatuta.