Uliazpiren zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsona guztiek adimen urritasuna eta laguntza premia handiak dituzte.
Hain justu ere, adimen urritasuna izateaz gain, beste osasun arazo batzuk ere izan ditzakete, hala nola autismo arazoak, zentzumen minusbaliotasunak, mugimendu minusbaliotasunak, buruko gaixotasunak eta portaera problematikoak eta osasun arazoak –epilepsia, kardiopatiak, errefluxu gastroesofagikoa....
2002an ireki zuten
2002ko apirilean inauguratu zuten Bergarako zentroa, batik bat Debagoieneko, baina baita Gipuzkoako beste herri batzuetako pertsonei zerbitzua emateko ere. Gaur egun zazpi zentro dituzte Gipuzkoan barrena: hiru Donostian, eta bana, Hondarribian, Eibarren, Zizurkilen eta Bergaran.
Bergarakoari dagokionez, Eguneko Zentro bat dauka, 20 lagunentzako tokiarekin, eta baita etxebizitza bat ere, zentroan bertan, hamar lagunendako prestatuta. Era berean, Atseden Zerbitzua ere badu, senitartekoei eta artatutako pertsonei euren premiak betetzen laguntzeko.
Gaur egun 18 erabiltzaile daude Zubillaga Doktorea zentroan, gehienak debagoiendarrak, baina baita Gipuzkoako beste herri batzuetakoak ere.
Argazki erakusketa egongo da
Urteurrena ospatzeko zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, bihar, zapatua, bazkaria egingo dute erabiltzaileek, haien senideek eta zaintzaileek.
Bestalde, Uliazpin arreta jasotzen duten pertsonak ezagutzera emateko asmoz, argazki erakusketa bat ere antolatu dute Bergarako Udaleko Kultura Sailarekin batera. Zu bezalakoa naiz izenburuarekin zentroan dauden pertsona guztiak islatzen dira argazkiotan eta zentroan zaintzaile dagoen Alicia Garcia Tartasek egin ditu. Urriaren 3tik 21era egongo da ikusgai erakusketa, Bergarako osoko bilkuren aretoan, astelehenetik barikura, 18:00etatik 21:00etara; eta domeka eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.
Horrekin guztiarekin batera, Paul Zubillaga doktorearen hitzaldia ere egongo da urriaren 3an. Adimen urritasuna: zertan aldatu den, zertan ari den aldatzen izenburuko hitzaldia egingo du, 19:00etan, Irizar jauregian.