B26 mugimendua sortu dute Bergaran

Goiatz Arana Begiristain 2012ko irailaren 27a

Atzo, irailak 26, manifestazioa egin zuten arratsaldean Bergaran, murrizketen kontra. "1.000 pertsona baino gehiagoren parte-hartzearekin, arrakasta hutsa izan zen", antolatzaileen esanetan. Baina protesta ekitaldia ez zen greba egunera mugatu, izan ere, mugimendu berri bat sortu zuten, asanblada bidez: B26 mugimendua. Hilero, 26. egunean, mobilizazio bat egitea izango du helburu, "etorkizunaren alde borroka egiten jarraitzeko".

Sortu berri duten mugimendu berriak asanblada bidez funtzionatuko du: hilabete bakoitzaren 26. egunean asanbladak burutuko dituzte, asanblada horiek herritar denei irekita egongo dira eta asmoa da denen artean erabakitzea zein mobilizazio eraman aurrera. Jendea parte hartzera animatu dadin gura dute bultzatzaileek: "Garrantzitsua da asanblada honetan herritarron parte hartzea, ikasle, langabetu, langile, jubilatu, gazte, etorkin... Denon artean etorkizun duin baten alde borroka dezagun!"

Lehen mobilizazioa zein izango den atzo arratsaldean bertan erabaki zuten: urriaren 26an, 19:00etan, plazan elkartuko dira, martxa edo kalejira zaratatsu bat burutzeko. Ondoren, berriz ere asanblada bat egingo dute azaroren 26ra begira, eta horrela hurrenez hurren. 

"Zorionak Bergara"

Bergarako Greba Asanbladak Bergarako herria zoriondu gura izan du, atzoko grebari "beste behin ere, egundoko erantzuna, eman izanagatik": "Benetan izan da arrakastatsua; salbuespen txiki batzuk kenduta, dena egon da itxita", diote.

Eta joan den martxoaren 29ko grebari espainiar gobernuak emandako erantzunari dagokionez, diote berearekin jarraitzeko asmo irmoa erakutsi duela, murrizketekin: "Agintariek erabaki dute. Multinazionalek, bankuek, patronalak; EAJ, PSOE eta PPren gobernuak erabaki dute: aberatsak aberatsago izango dira eta krisia herritarrok ordainduko dugu. Martxoaren 29ko greba arrakastatsuari espainiar gobernuak emandako erantzuna argia izan da, beraiek beraienarekin jarraitzeko asmo irmoa azaldu dute, murrizketekin; herritarron bizi baldintzak are eta gehiago okertuz eta miseria handituz. Honen adibide garbiak dira oinarrizko errenta jasotzeko baldintzen zailtzea, BEZaren igoera, langabezia prestazioan murrizketak… Nahikoa ez eta oraindik murrizketa eta erreforma gehiagorekin mehatxatzen jarraitzen dute".

Egoera horren aurrean ezin direla eskuak gurutzatuta geratu eta erantzuten jarraitzeko dei egiten diete herritarrei. Hala egin gura dutenen bilgunea izango da B26. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak