Arratsaldeko 7ak jota zirenean hasi zen jaisten. Lehenengo, bakarrik, bere kabuz, inoren laguntza barik. Goi-goitik hurrengo mailaraino. Eta, hortik aurrera, suhiltzaileen laguntzarekin. Izan ere, egun osoan ertzainen patruila baten eta Bergarako udaltzainen begiradapean izan zen Miguel La Huerta. Baina, behin, jaisteko keinuak egin zuenean agertu ziren suhiltzaileak eta haiek jaitsi zuten.
Ikusmin handia
Ikusmin handia sortu zen San Pedro eta Komenio kalean bereziki, baina beste inguru batzuetan ere bai; izan ere, Bergarako toki askotatik ikus zitekeen 52 metrotara igotako gizonezkoa, laranja kolorez jantzita. Umeak, bereziki, une batean txaloak egiteko keinuak egin zuten batek baino gehiagok, behin lur hartu zuenean.
Ogitartekoa
Arratsaldeko lehen orduan jaitsiko zela iragarri zuen, hasieran La Huertak; astelehenean zintzilik jarri zituen pankartak garabitik kendu zituenean eta ertzainek ogitarteko bat eta poltsikoko telefono bat eman ziotenean. Baina luzatu egin zen haren jaitsiera. Era honetara hautsi zuen bezperan iragarri zuen gose greba.
Iluntzen hastear zela, lehen euri tantekin, hasi zuen beherako bidea.
Atxilotuta
Behin lurrean, anbulantzian artatu zuten eta ordu erdi pasa barruan egon ostean, ertzainen auto baten eroan zuten atxilotuta komisariara.
Soriakoa izatez, Bergaran bizi den 42 urteko gizonezkoak 37 ordu eman zituen San Pedro parrokiako kanpandorrea eta teilatuak konpontzeko jarritako garabian, lurretik 52 metrotara.
Amenabar, "salaketarik ez"
Eliza birgaitzen diharduen Amenabar enpresako enkargatuak Goienari adierazi dio, ez duela Miguel La Huertaren kontrako salaketarik jartzeko askorik. Ertzainak atxilotu du desordena publikoak eragitea leporatuta. Bi egun galdu dituela-eta, atsekabeturik zen obrako enjargatua.