EAJk aurkeztutako mozioak hiru puntu jasotzen zituen. Lehenengoak "gaitzespen erabatekoa" azaltzen zuen gertatutakoaren gainean "gainditutako garaien itzala gaurkotzen duelako, iraingarria eta mehatxatzailea delako". Bigarren puntu batek Gazte Asanbladari exijitzen zion horrelako adierazpenak "salatzeko eta gaitzespena publikoki azaltzeko". Azkenik, hirugarren puntuak "babesa eta laguntasuna" adierazten zion Lourdes Idoiagari.
Bi puntuko mozioa onartu zen
Mozioa eztabaidatzerako orduan, Bilduk eskatu zuen bigarren puntua kentzeko. "Gertatutako onartezina dela uste dugu eta gaitzetsi beharrekoa. Argi eta garbi esaten dugu horrelako jarrerekin ez dugula bat egiten. Dena dela, ez gaude bigarren puntuarekin ados; gu ez gara inor Gazte Asanbladari zer egin behar duen esateko. Erakunde moduan gaitzetsi dugu ekintza eta Gazte Asanbladak orain hartu beharreko neurriak hartu beharko ditu", adierazi dio Jesus Elortza alkateak GOIENAri.
EAJk erantzukizunak Udal Gobernuari
EAJko ordezkariek "ulertu ez arren" mozioa bi punturekin ontzat ematea onartu zuten. "Ez dugu ulertzen Udal Gobernuak zergatik ez duen bat egiten bigarren puntuarekin. Uste dugu Udalak erantzukizuna duela, izan ere, Kartzela Zaharra Udalaren eraikina da, guztiona, Gazte Asanbladari utzitakoa; beraz, Udalak ere badu ardura gertatutakoan edo ardurak eskatu beharko dizkio Gazte Asanbladari. Horregatik aurkeztu dugu mozioa udalbatzan", adierazi du Aintzane Oiarbide EAJko zinegotziak. Esan bezala baina, EAJk azkenean ere onartu egin zuen mozioa bi puntu bakarrekin onartzea: "Garai berriei bidea egiteko eta horrelako jarrerak gaitzesteko balio badu, ulertu ez arren, Bilduko ordezkarien eskaera onartu egin genuen".
Gazte Asanbladako ordezkari bi
Gazte Asanbladako ordezkari bi izan ziren atzoko osoko bilkuran eta adierazi zuten duela "denbora bat" gertatutako kontua dela eta "beraiek ez direla izan". Haien hitzetan pankarta agertu zen egunean bertan kendu zuten. Aintzane Oiarbidek esan zien "pankarta bat ez dela bera bakarrik ipintzen", norbaitek ipini behar duela eta adierazi zien pankarta kendu bazuten, egokiena horixe zela uste zutelako, zergatik ez duten gaitzesten publikoki gertatutakoa.
EAJko zinegotzi Maite Barrenak adierazi zuen udal eraikinen erabileraren gaineko araudi baten beharra zegoela.
Lourdes idoiaga: "Nahikoa da!"
Oñatiko alkate ohi Lourdes Idoiagak gutuna bidali du GOIENAri Egubakoitzeko Goiena paperean publikatzeko. Bertan besteak beste honakoa dio: "Garai berriez hitz egiten den arren, badirudi lehengotan jarraitzen dutela gauzek... Gehien kezkatzen nauena zera da, Gaztetxe batean kultura horixe nagusi bilakatzea, horixe izatea transmititutko zaiena edo onartuko zaiena 14, 15, 16 urteko gaztetxoei".