Gaua garabira igota eman du eta oraindik han dago

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko irailaren 25a

Gaua garabian pasa du La Huertak eta oraindik han jarraitzen du. Ertzaintzaren patruila bat dago uneoro behean zaintzen. Ertzainetako batek Goienari jakinarazi dionez, La Huertak zer egingo zain daude.

Une honetan garabian etzanda dago Miguel La Huerta eta hala darama goiz zati handia Ertzaintzaren arabera. Garabira igota eman du gaua, eta ertzain batek adierazitakoaren arabera, goiz partean, behintzat, ez da eurengana zuzendu.

Atzo gauean tweeterren zabaldutakoaren arabera, La Huertak 10 egun emango ei ditu garabira igota; halaxe jakinarazi omen zuen atzo. Den den, patruila egiten zeuden ertzainetako bati hori galdetuta, gezurtatu egin du eta "zurrumurruak" direla gehitu du.

Ertzain horrek gehitu duenez, ez dakite ezer La Huertaren momentuko egoeraren gainean: ez dakite edatekorik daukan berarekin; eguraldiari aldaketa baten aurrean, arroparik daukan; lotuta dagoen... Bestalde, jakinekoa da atzo psikiatra bat La Huertarekin berba egiten egon zela, baina ertzainak esan du ez duela uste gaur joango denik.

Ertzainak azaldu duenez, La Huertarengana iristeko bidea "oso arriskutsua eta bakarra da", garabiaren eskailerak, hain justu, eta behin gora iritsita pertsona bakarra ibil daiteke burdinen artean. "Oso bestelakoa izango litzateke teilatu baten egongo balitz, esaterako".

Atzo goizetik garabian

Miguel La Huerta Abad izeneko bergararra astelehen goizeko lehen ordutik garabi batera igota, Bergaran, San Pedro elizaren ondoan. Genero indarkeriaren aurkako legearen kontra, gose greba hasi duela dio eta berarekin gertatuko denaz Espainiako gobernua egiten du erantzule. 52 metroko garabi batera igota dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak