Gizonezkoak bi ohar utzi ditu. Dio Miguel La Huerta Abad dela eta Bergaran bizi dela eta gose greba hasi duela, Genero Biolentziaren aurkako Legea salatzeko. Berarekin gertatuko denaz Espainiako gobernua egiten du erantzule.
Bere esanetan, Genero Biolentziaren aurkako Legearen erruz "4 milioi gizonezkok bizia galdu dute" eta lege hori "bidegabekoa, sexista eta aberrantea" da, Zapaterok sortua "emakumeen botoa bereganatzeko bakarrik" eta gizonezkoak "babesgabe" uzten dituena.
Bere ekintzaren helburua da "erabateko aldaketarako presioa" egitea eta "jendea sentsibilizatzea". Genero Biolentziaren aurkako Legearekin, bere esanetan, "egoera okertu"da eta "familiak apurtu" dira. "Salaketa faltsurik ez!" eskatzen du, eta bere ekintzarekin azken ondorioetara ailegatzeko gertu agertzen da.
Bere esanetan, "gizonezko jaio izanagatik soilik, dagoeneko errudun" da, eta justizia sistema "ortozik dagoenari haginka egiten dion sugea" dela esaten du.
Esaten duenez, sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion epaileak, "gero hala ez zirela frogatu ziren gertaera batzuengatik". Era berean, bere buruaren aurka "ekintza bandalikoak" gertatu zirela eta zigortu gabe geratu zirela salatzen du: besteak beste, bere etxean sartu izana edo bera lanik gabe uzteko saiakerak egin izana. Emazte ohia "bihotzez maite" duela esaten du, eta Genero Biolentziaren aurkako Legearen ondorioz "bikotekideen arteko edozein eztabaidatan ozenago esandako hitzak tratu txartzat" jotzen direla salatzen du.
Zehazten duenez, sei hilabeteko kartzela zigorra ipini zioten, "ezohiko tratu txarrak egotzita". Gero, emazte ohiak kendu egin zuen salaketa, "baina fiskalak salaketari eutsi zion".
Pankartetan, besteak beste, gaztelaniaz, Stop desigualdad ante la ley, Soy inocente eta esandako legearen aurkako aldarrikapenak daude.
Ez da jaitsiko
Psikiatra batekin dago kontaktuan uneoro eta hasieran ordu bata eta erdietarako jaitsiko dela esan badu ere, orain jaisteko asmorik ez duela dio.