Bergarako EHBilduk urriko hauteskundeen garrantzia azpimarratu du

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko irailaren 19a

"Lehenengo aldiz, ezkerreko abertzale eta soberanistok lor dezakegu lehen indarra izatea", diote. Hala, "boto bat bera ere ez galtzea beharrezkotzat" jotzen dute eta horregatik, Barrenkalen bulegoa zabaldu dute posta bidezko botoa egin nahi dutenendako. Hilaren 26ko greba orokorrarekin bat ere egin dute erredakziora bidalitako oharrean.

"Euskal Herria Bildurena adinako indar batasunik ez da egon lehenago herri honetan", diote Bergarako EHBildutik. Eta horregatik "garrantzi berezia hartzen dute urriaren 21ean izango diren hauteskundeek", euren ustez. "Lehen aldiz bi proiektu baino ez daude lehian: alde batetik, kudeaketa neoliberala eta autonomista eskaintzen duten alderdiena, betikoena; bestetik, gurea, Euskal Herria ezkerretik eraiki nahi dugunona", diote bidalitako prentsa oharrean.

Zentzu horretan "bizi bizi" ari dira lanean "Bergaran ere hauteskundeak irabazi eta herri honek behar dituen soluzio politiko eta ekonomikoak eskuratzeko".

Hauteskunde kanpaina

Bergarako EHBildurentzat "beharrezkoa da boto bat bera ere ez galtzea". Horregatik zabaldu dute Barrenkalen lokala, nahi duten herritar guztiek, korreo bidezko bozka egiteko eta EHBilduri buruzko informazio
guztia eskura edukitzeko.

Lokala astelehenetik egubakoitzera, goiz eta arratsaldez zabalik egongo da, baita zapatu goizetan ere. "EHBilduri bozka eman nahi diotenak gustura hartuko ditugu, baina baita beste alderdiei botoa eman nahi dietenak ere; korreo bidezko bozka tramitatzen bergarar guztiak lagunduko ditugu. Guk politika egiteko beste modu batean sinesten dugulako", diote.

Arcelor Mittaleko langileekin elkartasuna

Krisiaren gainean ere egiten dute berba oharrean. "Euskal Herria eta Bergara kapitalismoaren krisia larrutik ordaintzen" ari direla diote. Dendari eta tabernariak fakturak ordaintzeko larri dabiltzala eta langabezia Bergaran azken hiru urteotan bikoiztu egin dela ere azpimarratzen dute. "Langileak gero eta gogorrago esplotatzen dituzten (lan erritmo jasanezinak, lan orduak igotzea) bitartean soldatak gero eta kaxkarragoak dira", esan dute.

Hori horrela, "elkartasunik beroena" eskaini nahi diete herriko langile eta langabetu guztiei: "Zuekin gaude. Zuen alde, zuekin batera lan eta borroka egiteko gaude", adierazi dute. Zentzu horretan, Arcelor Mitalleko langileen greba eta mobilizazioekin bat egin nahi dutela eta langileon arteko elkartasunerako deia ere zabaldu nahi izan dute.

Justizia sozialean oinarritutako sistema

Bergarako EHBildurentzat, "krisia ez da momentukoa, sistemak egin du porrot, kapitalismoak egin du porrot eta Españak egin du porrot. Guk kapitalismoa oinarriitik aldatu eta justizia sozialean oinarritutako sistema eraki nahi dugu. Zoritxarrez, kapitalismoa berformulatu, bere bertsio txarrena eraiki eta Espainiari lotuta mantendu nahian ari dira boteretsuak eta betiko alderdi politikoak (PNV, PSE eta PP)", esan dute.

Hori horrela, "ongizate sistema goitik behera suntsitzen" ari direla uste dute: "osasuna eta hezkuntza publikoa
pribatizatzen; babes soziala eta langabetuentzat laguntzak kentzen; jubilazioa atzeratu, baldintzak gogortu eta pribatizazioari ateak irekitzen...". Eta laster erreskatea etorriko dela diote; "eskubide sozialen murrizketa areagotuko duen erreskatea. Orain arte bezala, banketxe, eraikuntza enpresa eta multinazionalak herritarron diruarekin erreskatatzeko, herritarrak egoera larriagoan utzi nahi gaituzten bitartean".

Grebarekin bat egiten dute

Egoera horrek guztiak "kalera indar guztiz ateratzea eskatzen" duela uste dute. Horregatik gehiengo sindikalak irailaren 26rako egin duen greba orokorrarekin bat egiten dute eta herritarrei dei egiten diete kalean ere mobiliza daitezen.

Krisi egoera aldatzeko alternatibak

EHBilduk krisi egoera aldatzeko alternatibak eta soluzio argiak ditu bidalitako oharrean jaso dutenez:

  • Burujabetza politiko eta ekonomikoa lortzeko Akordio Nazionala. Alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileak batuko dituena.
  • Babes soziala eta gizon-emakumeen arteko aukera berdintasuna bermatzeko konpromisoa.
  • Sistema publikoaren eta ingurumenaren defentsa.
  • Euskal Herriko ehun produktiboan inbertitzea.
  • Sektore estrategikoen kontrol publikoa zein soziala indartzea.
  • Aberastasunaren banaketarako sarreren (fiskalitatea) eta gastuen (politika soziala) oreka bideratzen duen politika aurrerakoia gauzatzea.
  • Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntza.
  • Lan eskubideen berme eta defentsa.
  • Elikagai soberaniaren aldeko politiken garapena.
  • Diru publikoaren kudeaketa gardena eta optimizatua bermatzea.
  • Euskal Herriak eta bere eskualdeak egituratzen duten eta ingurua errespetatzen duten azpiegituren aldarrikapena. Zentzu honetan AHT bezalako proiektu erraldoien moratoria eta herri galdeketa proposatzen ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak