2012-2013 ikasturteko Kirol Eskolak ekimena aurkeztu zuten atzo Irizar Jauregian. Bergarako Udalak eta Kirol Elkarteak antolatu eta ikastetxeen laguntzarekin egiten den ekimena da Kirol Eskola Lauri Askargorta kirol zinegotziak, Bergara Kirol Elkarteko eskubaloi saileko Josetxo Muniategik, futbol saileko Jose Manuel Zuluetak eta saskibaloi saileko Alex Gardokik hartu zuten parte aurkezpenean.
Futbolean, eskubaloian eta saskibaloian aritu gura duten lehenengo hezkuntzako neska-mutilei dago zuzenduta. Baina, bertan parte hartu ahal izateko, multikirolean izena emanda egon behar dute gaztetxoek ikastetxean.
Berritasunak
Irizar Jauregiko aurkezpenean adierazi zutenez, nobedadeekin dator Kirol Eskolak aurten. Urtero-urtero gaztetxo gehienek futbolean eman izan dute izena, eta zerbitzu hobea eskaini guran formula berri bat jarri dute martxan. Hain zuzen ere, futbola hautatuz gero, saskibaloi eta eskubaloiaren artean ere aukeratu beharko dute gaztetxoek. Formula berriarekin, bi astetan zehar futbolean aritu ondren, hirugarren astean aukeratutako bigarren kirolean arituko dira; jarraian, beste bi astez futbolean, eta horrela, ikasturte guztian.
Saskibaloi eta eskubaloi eskolan izena ematen dutenak, astelehenetan elkartuko dira 17:00etatik 18:30era; Mariaren Lagundian saskibaloikoak, eta Zabalotegin eskubaloikoak. Futbolari dagokionez, Ipintzan entrenatuko dira, baina oraindik ez dute ordutegirik zehaztu. Izan ere, izen-emate kopuruaren arabera egokituko dituzte jardunaldiak.
Urriko bigarren astetik aurrera hasiko dira eskolak, eta izen-ematea, bihar eguaztena amaituko da eta ikastetxean bertan egin beharko dute inskripzioa interesatuek. Iazko kuota berdina edukiko du matrikulak, 75 euro ordaindu beharko dira.