Eliza, irudiak, bobeda, lorategia eta gehiago ikusgai Mariaren Lagundian

Miren Arregi Amasorrain 2012ko irailaren 17a

200 urtean Mariaren Lagundiak bergararrak hezteko egin duen lana goraipatu eta bertako balio artistikoa herritar zein bisitariei ezagutarazteko asmoz, Bergarako Turismo Bulegoak Mariaren Lagundira bisita gidatuak eskaintzen ditu duela oso gutxitik. 

 

"Lagundikoen meritua, gainera, bikoitza da, hasieratik emakumeen heziketa izan baita euren jomuga", dio Alaia Aberasturik, Bergarako Turismo Bulegoko langileak.  

1799a ezkero Bergaran 

Tuteratik iritsi ziren Mariaren Lagundiko mojak Bergarara. Hasieran, Rocaverde markesaren etxean hartu zuten ostatu; 9 urte geroago, Magdalena Goizuetak diruz lagunduta eraikitako eta gaur ezagutzen dugun Mariaren Lagundira joan ziren. 10 moja eta hamairu ikasle ziren orduan. 

Eliza modernista

1818an hasi ziren ekiza eraikitzen, eta bukatu 1924an bukatu zuten.  Nabe bakarreko elizaren alde baten komentua dago, eta beste aldean, berriz, eskola: "Bi funtzio zituen egitura horrek: batetik, klausurakoak ziren mojak eta ikasleak banatzea; eta bestetik, guztien elkargune ere izatea", dio Aberasturik. Orduko aldare nagusiak eta gaurkoak badute desberdintasunik. Lehen, Bakardadeko Ama Birjinaren irudia zegoen aldarearen erdian, eta alde banatan lau santu jesuitaren irudiak: Loiolako San Inazio, San Frantzisko Xabier, San Luis Gonzaga eta San Estanislao de Kostka. 1900. urtean, Mariaren Lagundiaren sortzaile Juana Lestonnac beatifikatu zuten urtean, aldare nagusia aldatu zuten. Bakardadeko Ama Birjina, esaterako, ondoko beste aldare batera eraman zuten eta aldare nagusian Andre Mariaren, Loiolako San Inazioren eta Juana Lestonnacen irudiak ipini zituzten.

 

Bobeda eta organoa

Elizan jarraitzen dugu; izan ere, badago zer ikusi. Bobeda, esaterako, Eugenio Azkuek marraztu zuen 1857an. Juana Lestonnacen beatifikazioaren urtean, 1900ean,  berriz margotu zituzten irudiak:  "Andra Mariren zeruratzea irudikatzen da bertan, lau aingeruk lagunduta", dio Aberasturik. "Organoa ere osoa aberatsa da, Bartzelonan egina, oso tailu bereziak dituena". 

Bakardadeko Ama Birjina

Elizan jarraituz, eskuineko aldarean dagoen Bakardadeko Ama Birjina ezin alde batera utzi. Irudi hori, gainera, berezia da bergararrendako, XIX. mendean handik San Pedrora eroaten baitzuten irudia lehorte garaian euria eskatuz edota izurriteen kontra. Bestelako berezitasunik ere badu; izan ere, aurpegia eta eskuak bakarrik ditu. Gorputza egur zati bat da, eta, beraz, arropa bereziekin jantzita dago, ikuslea horretaz jabe ez dadin. 

Lorategia, ederra

Garai bateko barnetegian egoten ziren neska ikasleek lorategian aurkitzen zuten aisialdirako gunea. Horren adierazle dira gaur ere mantentzen diren pasealekuak, zuhaitzak, mahaiak eta eserlekuak... Libanoko zedroak ere aipatu behar dira.

Bestetik, badago Baserri deitzen dioten eraikin bat; XVII. mendeko eraikina, non aipatzekoa den hormen zabalera. 

 

Bisita gidatuak asteburuetan

Hori eta gehiago ikusteko aukera asteburuetan duzue: zapatuetan 11:00etan eta 16:30ean eta domeketan, 11:00etan. Bisita 2 euro da; euro bat, langabe, ikasle eta erretiratuendako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak