Gaueko danborrada heldu bitartean, azoka eta gurutze berria San Martinetako protagonistak

Txomin Madina Milikua 2012ko irailaren 15a

San Martin jaietan bete-betean sartuta daude bergararrak. Atzo, Santuari buruzko bideoez osatutako emanaldia izan zen udaletxeko osoko bilkuren aretoan, eta herritarren askoren artean San Martinen irudia oso presente dagoela argi geratu zen. Gaur, aldiz, azokak hartu ditu bai herriko plaza nagusia eta baita Errege seminarioko patioa ere. Gazta lehiaketako sari nagusia Aiara joan da; barazki lehiaketakoa  Martutenera; eta fruta lehiaketakoa, Antzuolara.

Barazki, fruta, gazta, baserriko produktu eta beste hainbat jakiren postuek hartu dituzte goizean Bergarako plaza nagusia eta Errege seminarioko patioa. Aurpegi ezagunik ere ikusi ahal izan da postuetan: Maider Unda medallista olinpikoak bere baserrian egiten duten gazta saldu du. Postuetara gerturatu diren bergarar eta kanpotarrek izan dute non aukeratu, baita non indarrak hartu ere: herriko harategiak emandako odolostekoak dastatu ahal izan dira plazan; taloak, aldiz, seminarioan.

Lehiaketei dagokienez, gazta lehiaketan 43 gazta lehiatu dira eta  sari nagusia Aiako Jose Luis Odriozolarentzat izan da. Fruta lehiaketako lau lehiakideen artean  Antzuolako Bidaurre baserriko Kontxita Izagirrek izan da garaile. Barazki lehiaketan bestalde, Martuteneko Jose Manuel Zabalegi izan da irabazlea. Antzuolako Tomas Larrañaga geratu da barazki lehiaketan bigarren.

Surragako gurutzearen erreplika, desestalita

San Martin jaiak baina, Santuaren omenezko bideo emanaldiarekin hasi ziren atzo. Udaletxeko osoko bilkuren aretoa bete egin zen, eta bertaratu zirenek jakin ahal izan zuten zer nolako arrastoa utzi zuten Japonian San Martinek eta berarekin batera hil zituzten beste 25 martiriek. Nagasakiko 26 Martitien Museoko zuzendari den Renzo De Lucak skype bidezko konexio bidez azaldu zuen nolakoak izan diren martirien kanonizazioaren 150. ureurreneko ospakizunak, baita  26 Martirien Tenpluaren irudiak ere: bai duela 50. urte nola eraiki zuten, baita egun nolakoa den ere.

Bitxikeria gehiagoz ere gozatu ahal izan zuten osoko bilkuren aretoan zeudenek: 26 martiriak protagonista dituen 1931ko pelikula japoniar bat esaterako, edo oraindik estreinatu gabe dagoen animaziozko laburmetrai ingeles bateko trailerra ere. Miguel Angel Elkoroberezibar ikertzaileak ere hainbat azalpen eman zituen, eta ekitaldia amaitzean pozik zegoen, bere esanetan bergararrek erakutsitako interesak erakusten duelako San Martinen figurak oraindik ere baduela bere presentzia.

Bideo emanaldia amaitzean, aurrerantzean udaletxe egongo den Surragako gurutzearen erreplika desestali zuten besteak beste ekimenaren bultzatzaile Balen Moñuxek eta duela 50 urte Surragako gurutzea egiten ibili zen Jesus Arregik.

Dantza suelto txapelketa, Ibarguren eta Besadarentzat

Atzo egon zen jokoan Moises Aspiazuren omenez San Martin jaietan egiten dan Bikote Nagusiendako 28. Dantza Suelto txapelketa, eta bertan bertan parte hartu zuten hamar bikoteen artean, Jon Ibarguren azpeitiarrak eta Idoia Besada pasaitarrak osatutako bikotea izan zen irabazlea.

Bestalde txapelketan parte hartutako bikoterik gazteenak, hau da, Amets Amubietak eta Maialen Aldalurrek, Moises Aspiazuren familiak emandako garaikur berezia eraman zuen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak