San Martinen omenez Nagasakin egindako ospakizunen bideoa aurkeztuko dute gaur

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko irailaren 14a

Nagasakitik jasotako materialarekin osatuta, 40 bat minutuko bideoa egin eta gaur, egubakoitza, aurkeztuko dute 19:00etan, osoko bilkuren aretoan. Bideoa osatzeko materiala Miguel Angel Elkoroberezibarrek eskuratu du eta berak aurkeztuko du ikus-entzunezkoa, Jesus Elortza alkatearekin batera.

Bideo horrek zera jasotzen du: Nagasakiko Martirien monumentuaren eraikuntzaren 1962ko irudiak –Gipuzkoako ordezkaritza ere bertan ageri da–; Nagasakin bertan Kanonizazioaren 150. urteurreneko ospakizunean aurtengo ekainean jasotakoak; eta, garrantzitsuena, Nagasakiko 26 Martiriei buruz 1931n egindako filmea batzen ditu. Horiez gain, estreinatu berri den marrazki bizidunen filme labur baten irudiak ere lortu ditu Elkoroberezibarrek.

Bideo guztian zehar eta aipatutako irudiak osatuz eta komentatuz, eta era berean bideoaren hari narratiboa eraikiz, Nagasakiko 26 Martirien Museoko zuzendariarekin skype bidez izandako elkarrizketa gehituko zaio.

Japongo irudiez gain, 1962ko Bergarako irudiak ere jasotzen ditu –prozesioak, gurutzea Surragan eraikitzen, Simon Arrietaren murala, Japongo enbaxadorearen bisita eta Estanpak plazan–. Primizia handi bat beraz, beragararrontzat eta gipuzkoarrontzat orohar. 

1931ko filmaren arrastoari segika

Aspaldi zebilen Elkoroberezibar 1931an Japonian 26 martiriei buruz egin zuten filmearen arrastoaren atzetik. Mundua menderatu dut (Bibliako esaldia: Juan 16,29-33) du izenburua eta zuzendaria Tomiyasu Ikeda izan zen. Euskal Filmotekan, Espainiako Filmoteca Nacional-ean eta hainbat erakundetan bilatu arren ez zuen zorterik izan. Azkenean, Nagasakiko 26 Martirien Museoaren Renzo de Luca zuzendariaren bidez, bideratu zuen filmearen kopia bat. 1996an bisitatu zuen Elkoroberezibarrek museo hori eta orduko zuzendaria zen Diego Yuuki ezagutu eta hurrengo urtean Bergaran argitaratu zuen San Martin. Gurutzebidea eta bidegurutzea (1597-1997) liburuaren hitzaurrea idatzi zion Elkoroberezibarri. Harreman on horrek erreztu egin du oraingo kolaborazioa.

16 mm-tan filmatuta dago 1931eko filmea, zuribeltzean egina eta mutua. Tokioko Nikkatsu estudio ospetsuetan filmatu zuten eta bere protagonistak garaiko Japongo aktorerik famatuenak ziren. Nazioartean ere zabaldu ei zuten filmea The 26 Martyrs of Japan izenburuarekin. Ordu eta hogei minutuko luzapena dauka –ekitaldian pasarte esanguratsuenak ikusiko dira– eta kalitate oso handikoa da. Japoniara iritsi zirenetik 1597ko otsailaren 5ean gutziltzatu zituztenera arteko gorabeherak guztiak kontatzen ditu, San Martinen eta bere lagunen ekintzak eta gurutzebidea jasoz.

Filme horrek badu beste berezitasun bat ere: filmearen amaieran, zuzendariak 1862an martiriak santu egin zituzteneko irudiak eskaintzen ditu. Urte hartan zinea oraindik asmatu gabe zegoenez, estudio lana izan zen hein handi batean, baina ageri dira orduko Pio IX.a Aita Santuaren irudia eta kanonizazioaren jatorrizko agiria, besteak beste. Baita Erromako San Pedro Plazan ospatutako hogeigarren hamarkadako beste kanonizazioren baten irudiak ere. Filme oso ederra da eta dokumentu historiko garrantzitsua. Aukera bakarra horrelako filme bitxi bat ikusteko.

Film labur baten trailerra ere bai

31ko filmearekin kontraste eginez, estreinatu berri den 26 martiriei buruzko film labur baten trailera ere topatu du Elkoroberezibarrek. 26 Martyrs du izenburua. Pixel Revolution Films ekoizetxe independienteko buruak diren Dominic eta Ian Higgins britainiarrak dira filmearen zuzendariak. Hortxe kontraste polita: 1931ko zuribeltzeko filme mutua eta aurtengo marrazki bizidun berritzaileak. Filme hori ere erabili dute gaur aurkeztuko duten bideoa osatzeko.

Nagasakiko Martirien museotik jasotakoak

Horietaz gain, beste irudi batzuk ere bitzen ditu prestatu duten bideoak, Nagasakiko 26 Martirien museotik jasotakoak, hain zuzen.

Kanonizazioaren 150. urteurreneko ospakizunen bezperako elizkizunak Nagasakin (2012-06-07); kanonizazioaren 150. Urteurreneko ospakizun nagusia Nagasakiko Nishizaka mendixkan (2012-06-07); eta benetan testigantza berezia dena: 1962an Nagasakiko Nishizaka mendixkan eraiki zuten monumentuaren eraikuntza eta inaugurazioaren ospakizunak.

Irudi horiekin eta Bergarako Udal Artxiboan dauden 1962ko Bergarako ospakizunetako irudiekin aukeraketa bat egin dute eta berrogei minutu inguruko bideo bat osatu dugu. Bideo horren muntaiaz Valen Moñux arduratu da.

Bideo horren 10-15 minutuko laburpen bat udaletxearen aurrealdean jarriko den pantaila handi batean eskainiko da etenik gabe gaurko aurkezpenaren ostean, bihar arratsaldean eta domekan egun guztian zehar.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak