Matinez de Irala eraikina aldamioz eta oihal beltzez inguratuta topatu dugu udako oporren bueltan. Izan ere, San Martin eskola dagoneko hasi da eraikinean egin beharreko egokitzapenak eta lanak egiten, horiek bukatu ostean Haur Hezkuntza bertan kokatu ahal izateko. Martinez de Irala egokitzeko proiektuak bi fase izango ditu."Lehenengo faseaan, orain hasi berri duguna, teilatua eta eraikinak dituen saneamendu arazoak konponduko ditugu. Bigarren fasean berriz, eraikina barrutik egokituko dugu", adierazi du San Martin eskolako zuzendari Begoña Otxoak.
Eraikina 70eko hamarkadakoa da; konponketek ez dute kanpoko egituran eraginik izango. Egokitzapenak bukatu ostean San Martin eskolako Haur Hezkuntzako ikasle guztiak kokatuko dira Martinez de Iralan eta jangelak ere bertan jarraituko du, egokitu eta berriztu egingo duten arren. Asmoa da hurrengo ikasturtean (2013-2014) egokitzapenok amaituta egotea. Eskolako zuzendariaren hitzetan aldaketa horiek guztiek gaur egun dituzten espazio arazoak konpontzen lagunduko dute.
Aranzadi Ikastolako lanak martxa onean
Aranzadi ikastolan bestetik aurrera jarraitzen dute berriztatze lanek eta dena ondo bidean Gabonetarako Aranzadiko ikasle guztiak Errege Seminarioko eraikinean kokatuta beharko lukete. "Lan potoloena bukatu dugu; zarata, zikinkeria eta hautsa sortzen zuen guztia amaitu dugu", adierazi du Aranzadi Ikastolako zuzendari Ane Barrusok.
Haur Hezkuntzako gelak egokituta daude eta baita Lehen Hezkuntzakoak eta Batxilergokoak ere. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gelak egitea faltako litzateke eta horretarako gaur egun museoa dagoen tokian hainbat gela egokitu beharko dira. Udalaren asmoa da museoa iraila eta urria bitartean lekuz aldatzea. Hori horrela izanez gero Barrusok uste du espazio horretan egokitu beharreko gelak egokitu eta Gabonak baino lehen aurrefabrikatutako etxetxoetan dauden ikasleak Errege Seminariora joan ahalko direla. Esan moduan beraz, dena ondo bidean, Gabonetara Aranzadi Ikastolak amaituta izango ditu lanak eta seminarioko jolastokia ere libre geratuko litzateke berriro ere. Honek arnasa hartzea soposatuko du zuzendariaren hitzetan: "Aste Santuan batu ginen guztiok Errege Seminarioan, baina modu txarrean batu ginen: irakasle-gelak egokitu barik, lanak amaitu barik... Obrak eta instalakuntzak amaitu ostean gure lana behar bezala egiten hasi ahalko gara. Azken urte eta erdian oso gaizki egon gara".
Ikasturtea obrez inguratuta hasi dute bai San Martin eskolak eta baita Aranzadik ere, baina lan horiekin ikasturte honen amaieran finkatuta geldituko litzateke Bergarako mapa eskolarra.