Barrura begiratzeko leihoak filmak traba asko izan ditu bidean, baina azkenean aurrera egin du.
Hunkigarria izan zen atzokoa, ia 1.000 pertsona etorri ziren filma ikustera. Lehenengo aldia zen eta publikoarekin kontraste txiki bat izatea beharrezkoa zen guretzat. Ikusita ze eztabaida sortu den inork ikusi gabe, nahi genuen filmak berak berba egin zezan; gero etorriko dira kontuak. Lehenengo pausua eman genuen atzo eta oso pozik gaude.
Oso inpresio ona jaso genuen. Jendearekin egoteko beta handirik ez genuen izan, baina aretoan giro polita sumatzen zen. Txaloak beroak izan ziren eta gu oso gustura geratu ginen. Eta behar genuen horrelako zerbait. Bi urte dira hasi ginenetik eta azken zati hau itsusi samarra izan da. Hainbeste berba egin da, baina inork ez du ikusi zer egin dugun eta pena horrekin geunden. Beraz, pena hori kendu dugu.
Bost euskal presori buruzko dokumental kolektiboa da, bost zuzendarik egina. Gotzone Lopez de Luzuriagaren istorioa kontatu duzu zuk. Zer moduz?
Oso gustura nago bidean ezagutu dudan jendearekin eta ikasi dudanarekin. Lehenengo aldia zen dokumental bat egiten nuena, beti egin baitut fikzioa. Lehenengo pentsakizuna izan zen nola aurre egin kontatzeko modu honi. Jakinda, gainera, bera preso egonda ezin nuela grabatu. Nire kasuan, baina, altxor txiki bat neukan; amak grabatu zituen alabarekin izandako telefono bidezko elkarrizketak. Material horrekin jokatu dut ahotsari emanez garrantzia, bere irudia ez neukalako. Elkarrizketatzeko lau pertsona aukeratu nituen. Niretzako oso polita izan da eman didatena. Bidean ere egunetik egunera gauzak aldatzen joaten ziren… bazirudien duela hilabete parot doktrinarekin zerbait aldatuko zela, baina ez da horrela izan. Ia ia bukaerara arte dokumentalaren bukaera beste modu batekoa izango zela pentsatuz egon naiz, nahiz eta ez den iritsi bukaera hori; pena izan da beste bukaera bat ez izatea.
Izan duzu aukerarik Gotzoneren senitartekoekin edo lagunekin egoteko filma ikusi ostean?
Atzo familia guztia etorri zen Gasteiztik, autobusa beteta. Gotzonekin ere telefonoz egon naiz. Polita izan da benetan, ia bi urte egin dut eurekin eta pixka bat familia artekoak dira niretzako.
Dokumentala egitea oso ezberdina da orain arte egin izan duzun lanarekiko?
Lana egiteko modua antzekoa da. Ezberdina da dokumentala izaterakoan benetako jendea dela. Iloba benetan iloba da eta berak bizi izandakoa benetakoa da… Hor salto handia dago. Azkenean ez da interpretatzen ari beste baten papera. Benetako jendearekin benetako gauzak kontatzen egitean lan, uste dut errespetu handiarekin jokatu behar dela. Zerbait asmatzen duzunean errespetua zure buruarekiko izan behar duzu.
Familiaz gain, Josu Trueba Leiba argazkilariaren lana oso lagungarria izan da nire piezan. Dokumentalaren zati txiki batean duela urte batzuk bizi izandako bidai bati buruz hitz egiten da eta bidai horretako argazkiak utzi dizkit piezan erabiltzeko. Alde horretatik, azaltzen diren irudiak, telefonoko ahots horiek, benetan bizi izandako gauzak dira. Horrek pisu polit eta handia dauka.
Bost pieza biltzen ditu dokumentalak. Nola uztartzen dira bata bestearekin?
Batetik bestera, hasieran eta bukaeran, batasun bat lortu nahian, datu batzuk ematen ditugu, eta uste dut baduela osotasuna, nahiz eta bakoitzak bere identitatea eduki. Nabaritzen da bost zuzendari garela eta hori izan zen hasieratik gure gogoa, bakoitzak bere tokia izatea baina kontuan izatea denon artean gauza bat egiten ari ginela. Nik uste dut lortu dela hori.
Jendarteari eskatu zenioten proiektuak aurrera egiteko laguntza. Filma mugitzeko ere beharko duzue dirua...
Zinea egitea garestia da, diru asko behar da, baita orain mugitzeko eta aretoak lortzeko ere. Saiatuko gara eta nik uste lortuko dela. Bultzatu beharko genuke jendeak filmak ikustea; erantzun hori barik dena zailagoa da.