Mikel Laskurainen azken kale antzezlanaz gozatzeko aukera

Maider Arregi 2012ko irailaren 14a

Bergarako aste bukaera ekintzaz beteta dator; gaur, esaterako,  Zabalotegin musika emanaldia izango da On-Duo bikotearen eskutik; Zapatuan aldiz, Ametsetan bizi kale antzerki umoretsuaz goazteko aukera egongo da, 19:30etik aurrera.


'Ametsetan bizi'

Ametsetan bizi kale antzerkiak kolorez jantziko du Munibe plaza zapatuan, 19:30ean. Aspaldidaniko bi aktoreen istorioan oinarritutako kontakizunean, umorea eta ironia ez da falta izango. Mikel Laskurain eta Jabi Barandiaran eskarmentudun aktoreen azken kale antzerkia dugu Ametsetan bizi.
Egungo egoera dela-eta kalera atera behar duten bi aktore dira. Euren lanaren promozioaren bila dabiltza eta beraien lana zabalduko duen manager baten laguntza bila. Tartean, euren –oso ezberdinak diren aktoreen– arteko erlazio zaila azaleratuko da, beti ere umorez. Batez ere bakoitza mundu desberdin batetik datorrelako: bata telebistako kulebroietan parte-hartzetik eta bestea antzerki erradikalenetik.

On-Duo proiektua
Pello Ramirez –Ordizia– eta Xabier Zeberio –Tolosa– euskal musikan  eskarmentudunak dira. Biek abian jarritako On proiektu berriak, musika bizi eta ulertzeko bi modu elkartzen ditu. Hiru dira proiektuaren zutabe nagusiak: batetik, sorkuntzako bide berriak bilatu eta esperimentatzeko beharra; bestetik proposamen instrumental berritzaile eta original bat aurkeztea; eta azkenik, espreski sortutako konposizioez eta herrialde ezberdinetako folklorean oinarritutako hainbat doinuen errekreazioz osatutako errepertorio anitza eskaintzea.
On-duo emanaldia, gaur izango da Zabalotegi aretoan gaueko hamarretan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak