Urteurren horiek gogora ekartzeko sortutako talde eragileak egindako lana goraipatu zuen alkateak eta herritarrei antolatutako ekintzetan parte hartzeko dei egin zien. Jai bereziak izango dira aurtengoak eta, Elortzaren iritziz, antolatutako ekintzen artetik garrantzitsuenetakoa zapatuan, 19:30ean, udaletxeko pleno aretoan, Surrako gurutzearen eraikuntzan parte hartu eta lagundu zutenei egingo dieten omenaldia izango da.
Ikus-entzunezkoa
Talde eragileko Migel Angel Elkoroberezibarrek, bere aldetik, barikuan aurkeztuko duten ikus-entzunezkoaren gaineko xehetasun batzuk aurreratu zituen ekitaldian: 40 minutuko iraupena izango du eta hainbat bideotako materiala batuko du: Nagasakiko martirien monumentuaren eraikuntzaren irudiak; Nagasakin bertan Kanonizazioaren ospakizunean aurtengo ekainean jasotakoak; eta, garrantzitsuena, Nagasakiko 26 martiriei buruz 1931n egindako pelikula. Altxortzat jo zuen azken hori eta Udal Artxiboan eta Euskal Filmategian kopia bana gordetzeko aukera izango dutela esan.
Barikuan, 19:00etan, aurkeztuko dute muntaia pleno aretoan; eta, jaietan zehar, udaletxeko arkupetan jarriko duten 3x2ko pantaila batean 10 minutuko bertsio laburtua botako dute.
Berritasun gehiago
Horiek dira nobedeetako bi, baina badira gehiago ere: zapatu gaueko danborrada, esaterako, indartuta etorriko da; domeka goizean, Arientzako Kanpai Jole Eskolakoek kontzertua emango dute berregokitu berri duten San Pedro elizako 16 kanpaiekin, eta Martin eta Martina izeneko bergarar guztiekin talde argazkia aterako dute plazan; eta San Pedro elizan bi koadro egongo dira ikusgai San Martinen gaiarekin.
San Martin Agirre erlijioso eta misiolari bergararra Japoniako 26 martiriak bezala ezagutzen direnetako bat izan zen.
Barikutik domekara bitartean ospatuko dituzte San Martin jaiak.