Patxi Ugalde, piraguista: "Egin ez dudan falta bategatik finalerditik kanpo geratu naiz"

Ander Monedero 2012ko irailaren 10a

Egubakoitz arratsaldea haserre bukatu zuen Patxi Ugalde piraguista bergararrak. Izan ere, Europako Txapelketan parte hartu zuen eta epaileek egindako akats baten ondorioz, 31. postuan geratu zen eta ezin izan zuen txapelketaren finalerdirako txartela eskuratu. Epaileek bi segundoko zigorra ezarri zioten K1 frogan –errekan egindako zirkuitu batean slalom egitea– ustez ate bat jotzeagatik.

Epaileek hartutako erabakiari helegitea jarri zion Ugaldek, izan ere, piraguista bergararraren entrenatzaileak bideo-kamara batekin grabatu zuen saioa eta bideoan argi ikusten dela dio Ugaldek ez zuela atea jo.

Ugaldek horrela kontatu du gertatutakoa "Epaileek jo ez dudan ate bat jotzeagatik zigortu naute, baina froga bideoan grabatu ez zutenez, ezin izan du helegitea jarri". Horrelako txapelketetan epaileek froga guztiak grabatzen dituzte, baina arazo teknikoengatik ezin izan zuten bergararraren froga grabatu. Hori dela eta, Ugaldek epaileei bere entrenatzaileak grabatutako bideoa aurkeztu zien, baina antolakuntzak bideoa atzera bota zuen. Izan ere, epai-mahailak piraguisten helegiteak onartzeko antolakuntzak grabatutako bideoak bakarrik onartzen ditu. Epaileen akatsarengatik eta antolakuntzak froga bideoan grabatu ez izanagatik haserre agertu zen piraguista bergararra.
Penalizazio horregatik Ugaldek egindako markari bi segundu gehitu zizkioten eta azkenean 31. postuan bukatu zuen. Final laurdenetan zeuden 100 piraguistetatik sailkapeneko lehenengo 30ek lortu zuten finalerdirako txartela. Beraz, bergararrak postu bakar bategatik kanpoan geratu zen. "Haserre bukatu nuen froga, nire esku ez zegoen gauza batengatik kanpoan geratu naiz". Horrelako txapelketetan garrantzitsuena kanporaketa gainditzea da, izan ere, behin froga gainditu ezkero, finalera arte egindako denborak ez du ezertarako balio. "Final laurdenetan berdin da 30. edo 10. geratu, garrantzitsuena kanporaketa gainditzea da" adierazi zigun Ugaldek.

Piraguista bergararraren helburua lehenengo hamarren artean geratu eta finala jokatzea zela esan zigun, "behin finalean egonda edozer gertatzeko aukerak daude". Ez da piraguista bergararrak nazioarteko txapelketa bat jokatzen duen lehenengo aldia: Munduko txapelketan parte hartu du eta baina Europako beste txapelketa batean ere. Ugaldek aurrekoan final laurdenak gainditzea lortu zuen, baina bergararrak ezin izan zuen finalera sailkatu.
Nahiz eta aurtengo Europako txapelketarako helburua ez bete eta epai-mahaiarekin arazoak izan, Eslovenian txapelketaren inguruan sortutako giroaz gozatu duela esan digu: "Eguraldiak lagundu egin du, piraguismo denda pilo bat daude eta Europako piraguistarik onenak daude. Oso gustura nago, lastima, nire eskuetatik kanpo dagoen akats batez ondorioz txapelketan aurrera ez egitea". Txapelketa honetan zorteak ez dio lagundu eta arantza batekin bueltatuko da Bergarara.

Abuztuan, Espainiako bigarren

Ugaldek abuztuan Espainiako Txapelketan egindako lanarengatik lortu zuen Europako txapelketarako txartela. Bergararrak Espainiako Txapelketa jokatzeko egun batzuk falta zirela sorbalda atera zuen eta gorputzak erantzun egingo zion edo ez beldur zen. Txapelketa horretan lortutakoak sortutako poztasunak egubakoitzeko tristurarekin talka egin zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak