Bergarako Herriko plaza hasi da jai itxura hartzen; hala erakusten du bertan muntatzen dabiltzan tablauak. Seminario aldean beharrean udaletxe aldean joango da oraingoan, gainera, eta hori berria da. Baina ez da hori izango plazako nobedade bakarra: San Martinen gurutzearen erreplika bat jarriko dute tablau ondoan –egurrezkoa eta originalaren erdia tamainuz, gutxi gora behera–, eta tamaina handiko pantaila bat udaletxeko arkupetan.
Nagasakitik jasotako materialarekin osatutako bideoa
Nagasakitik jasotako dokumentazioarekin osatua, bideo berezia erakutsiko dute bertan: Nagasakiko Martirien monumentuaren eraikuntzaren irudiak; Nagasakin bertan Kanonizazioaren ospakizunean aurtengo ekainean jasotakoak; eta, garrantzitsuena, Nagasakiko 26 Martiriei buruz 1931n egindako pelikula batzen ditu. Azken hori estreinu "mundiala" izango da, Migel Angel Elkoroberezibarren esanetan.
Muntai horren aurkezpena barikuan egingo dute, hilak 14, udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan, Nagasakiko Martirien Museoko arduradunaren agurrarekin lagunduta, posible bada.
Danborrada eraberritua
Zapatuan, San Martin bezperan, 18:00etan, meza izango da gurutzean bertan eta, ondoren, 19:30ean, pleno aretoan, omenaldia egingo zaie gurutzea egindako pertsonei. Eta gauean, danborrada egingo dute, aurten indartuta etorriko den danborrada: Aitzol Mujikak egingo du San Martinen papera eta indar berezia emango diote martirioaren momentuari.
Gabero abesbatzan ohi baino jende gehiagok parte hartuko du eta musika banda plazan geratuko da, pasakallean atera beharrean; megafonia bidez entzungo da musika kaleetan.
Musika Banda eta San Pedro elizako kanpai hotsak bat eginda
Domekan, San Martin egunean, Martin eta Martina izeneko bergarar guztiekin talde argazkia aterako dute plazan; Arientzako Kanpai Jole Eskolakoek kontzertua emango dute berregokitu berri duten San Pedro elizako 16 kanpaiekin; eta kanpai hots horiek bat egingo dute Musika Bandaren kontzertuan, San Martinen Estanpa obran.
San Pedro elizan , bestalde, bi koadro handi egongo dira ikusgai, San Martinen gaiarekin.
Santu misiolariaren efemeridearen eragina nabarmena izango da, beraz, aurtengo jaietan.