Maiatzean hasi zuen ibilbide Bergarako Ndank Ndank elkarteak, Senegalen garapenerako lankidetza proiektuak bultzatzeko helburuarekin. Bada, badirudi gauzak bide onetik doazela eta elkartearen izenak dioen moduan poliki-poliki hasi direla proiektuak gauzatzen. Batez ere osasun eta hezkuntza arloan lan egin nahi zutela adierazi zuten aurkezpen ekitaldian eta hezkuntza izan da hain justu lehenengo jomuga.
Eskolako bi gelak konpontzen
Apirilean Dionewar herrian izan ziren, Bergaran bizi diren senegaldar gehienen jaioterria, eta bertako eskolako bi gela berritzeko proiektua abiarazi dute. Abuztuan hasi zituzten gelok konpontzeko lanok.
Dionewarreko eskolak 321 ikasle inguru ditu eta gaur egun oso egoera kaxkarrean dago. Bi gela horiek txukuntzeak asko suposatuko du bertako ikasle eta irakasleendako.
Gelak txukundu ostean eskolan komunak eraiki nahi dituzte eta horretarako proiektua lantzen ari dira orain Bergarako Udalean aurkeztu eta diru-laguntzak jaso ahal izateko. Eskolako proiektua amaitzeko hesia eraikitzea geldituko litzateke, baina hori aurrerago egingo dute.
Kanpaina eta ekimenekin aurrera
Dirua batzeko eta bazkideak lortzeko kanpainak eta ekimenak egiten jarraituko dute, esaterako udazkenean perkusio ikastaroa egiteko asmoa daukate. Dena dela, pozik daude bergararrek orain arte izan duten erantzunarekin, espero ez zituzten laguntza eta aportazio asko jaso dituztelako. Dominguezek gogorarazi nahi izan du Rural Kutxan kontuak zabalik jarraitzen duela eta bazkide egiteak urtean 20 euroko ekarpena suposatzen duela.
Interesa dutenek elkartearen eta gauzatzen ari diren proiektuen gaineko informazio guztia Biko tabernan topatu ahalko dute.
Poliki-poliki eta pausoz pauso, baina ondo bidean laster Dionewar herrian ganorazko eskola bat izango dute Bergarako elkartearen laguntzari esker. Dena dela, elkarteko kideek argi daukate. Hau hasiera besterik ez da. Senegali laguntzeko lan asko dagoelako oraindik egiteko.