'Gartxot', 'Gazta zati bat' eta 'Sua'

Goiatz Arana Begiristain 2012ko irailaren 4a

Hirurak ikusteko aukera izango da datozen asteetan Bergarako Zabalotegi aretoan; eta 'Gazta zati bat' filmaren kasuan, gainera, solasaldia ere izango da Jon Maia zuzendariarekin. Bergarako Udalak eta Jardun elkarteak elkarlanean antolatu dute euskal zineari eskainitako zine zikloa. 

Hiru lanok Bergarako Zabalotegi aretoan ikusi ahalko dira eguaztenetan, 20:00etan: Gartxot, irailaren 12an; Gazta zati bat, 19an; eta Sua, urriaren 3an (astebeteko jauzia beharrean bikoa egin dute azken kasu horretan, irailaren 26rako greba orokorra deituta dagoela-eta). Sarrerak hiru euro balioko du, eta Gazta zati bat dokumentalaren kasuan, ostean, solasaldia egongo da Jon Maia zuzendariarekin.

Bergarako Udalak eta Jardun elkarteak elkarrekin antolatu dute euskal filmei eskainitako zikloa, euskarazko zinea eskaintzeko helburuarekin, besteak beste. Eta azpimarratu dute, euskal produktuen hartzaile nagusia euskalduna izanik, gure ardura dela produktu horien berri eman, zabaldu eta kontsumitzea. Ildo horretatik, euskal produktuak gure sentitu, ilusioz jaso eta ilusioz gozatzera animatu dituzte herritarrak. 

'Gartxot, konkista antzineko konkista', irailaren 12an

Azaroan estreinatu zuten Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren Gartxot, konkista antzineko konkista filma, XII. mendeko Nafarroako Itzaltzu herriko bardoa ardatz hartuta. Istorio eta poemak kantatzen ditu bardoak, herriaren oroimena eta kultura kantuaren bidez transmitituz. Baina Orreagako abadeak ez du gogoko bardoaren lana, eta deserriratu egingo du. Mikelot haren semea, berriz, bahitu egingo dute, latinez kantatuko duen fraide bilakatzeko. Mikelotek ere ihes egitea lortuko du, eta aitarekin herriz herri kantatzeari ekingo dio. 

'Gazta zati bat', irailaren 19an

Gazta zati bat lana munduan bere gaztagatik ezaguna den Euskal Herriko herri txiki batean abiatzen da. Herritar xume batzuk, Europako indarkeriazko azken gatazka politikoaren zauri eta banaketa guztien gainetik, misio handi bati ekingo diote: munduan zer izan erabaki ahal izateari. Abentura horrek Europan albiste nagusi bihurtuko diren bi herrien gertakizun historikoen lekuko zuzenak izatera eramango ditu: Eskozia eta Euskal Herria. Etorkizunari begira jartzen gaituen aro berriko dokumentala da Gazta zati bat, eta era berritzailean aurkezten du euskal gatazkaren gaia. 

'Sua', urriaren 3an

Sua filma, azkenik, Lapurdiko sorginei eta Inkiszioari buruzkoa da; Pierre de Lancre inkisidoreak 600 pertsona baino gehiago torturatu eta hil zituela erakusten du. Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteko kideak 2005ean hasi ziren grabaketekin eta bost urte eman dituzte horretan, Euskal Herriko zazpi lurraldeak igaroz.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak