Gizarte zerbitzuen alorreko elkarteei dagokienez,Udalak banatuko duen laguntza herrian garatzen diren jarduera zehatzak, eta denboran jarraian, finantzatzeko erabiliko dira.
Guztira 18.000€ bideratuko dira eta, besteak beste, kontuan hartuko da jarduerak bazterketa arazoak dituztenei, minusbaliatuei, hirugarren adinekoei eta zerbitzu sozialen beharra dutenei zuzenduta egotea, genero-berdintasuna bultzatzea, herritarren arteko elkartasuna sustatzea eta antolatutako jardueretan udalerriko bizilagunen parte-hartzea bultzatzea.
Diru-laguntza horiek eskatzeko epea zabalik dago dagoeneko eta irailaren 29an amaituko da. Interesatuek diru-laguntzak eskatzeko oinarriak eskura dituzte Udaleko webgunean –www.bergara.net– eta Udaleko Gizarte Zerbitzu Sailean.
Gobernuz kanpoko erakundeei 52.600 euro
Kopuru hori bideratu du Udalak GKEentzat eta bi multzotan banatuko da: %95 garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen baldintza sozial, ekonomiko eta kulturalak hobetzeko helburua duten programen ekintzak laguntzera zuzenduko da. Gainontzeko %5 aipatutako ekintzekiko Bergarako herritarren interesa sortzeko egingo diren ekintzak laguntzeko erabiliko da.
Eskariak egiteko epea irailaren 29ra arte dago zabalik. Interesatuek diru-laguntzak eskatzeko oinarriak eskura dituzte Bergarako Udaleko webgunean –www.bergara.net– eta Udaleko Gizarte Zerbitzu sailean.
Euskara arloko zenbati diru-laguntza
Hiru laguntza mota emango ditu Udalak:
- Bergarako Udal Euskaltegitik kanpo euskara ikasten dutenentzako diru-laguntza.
- Udako Euskal Unibertsitatean (UEUn) parte hartzen dutenentzako diru-laguntza.
- Idazle Eskolak antolatzen dituen modulu eta hitzaldietan parte hartzen duten bergararrentzako diru-laguntza.
Diru-laguntza horiei buruzko informazio zehatza Bergarako Udalaren webgunean dago: http://www.bergara.net/Udala/Antolaketa/euskara/zerbitzuak. Zehaztasunak arautegiaren agirian daude, baina hor agertzen ez den informazio osagarriren bat nahi izanez gero, Udaleko Euskara Zerbitzura (943779166) dei daiteke.
Udalak 2011-2012 ikasturtean edota 2012ko udan egindako ikastaroengatiko diru-laguntza eskaerak 2012ko irailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira Bergarako Udaleko erregistro orokorrean.