"10 bakarrik sartzen dira finalean, eta horien artean sailkatzea da nire asmoa. Hortik aurrera, datorrela datorrena", aitortu du Patxi Ugaldek Esloveniarako bidaia egin bezperan. Europako piraguismo txapelketak jokatuko dituzte herrialde horretan etzitik zapatua bitartean, eta Espainiako selekzioarekin lehiatuko da Patxi Ugalde, 18 urteko gazte bergararra.
Bigarren Espainiako txapelketa
Leridan jokatutako Espainiako txapelketan eskuratu zuen Europako txartela Patxi Ugaldek, abuztuan. "Sorbalda atera nuen egun batzuk lehenago eta ez nekien nolako jaitsiera egiteko gai izango nintzen. Bigarren sailkatu nintzen eta Europako txapelketarako txartela eman zidan postu horrek. Asko poztu nintzen", dio piraguista bergararrak. Segre ibaian lehiatu zen 150 piraguistekin. Tartean egon ziren Londresko Joko Olinpikoetan egondako Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Samu Hernanz. Beti Bustiko hiru ordezkari egon ziren Espainiako Txapelketan, eta hirurak sailkatu ziren finalerako. Patxi Ugaldek lortutako zilarrezko dominaz gain, Aritz Gimbert 16. sailkatu zen gazte mailan. Aldiz, beteranoetan, Kuxi Gallastegi bederatzigarrena izan zen.
Beste bi katalanekin batera
Zapatuan hartu zuen Patxi Ugaldek Esloveniara heltzeko hegazkina. Donostiatik Bartzelonara lehenengo, handik Veneziara eta Esloveniara gero. Txapelketa etzi, hilak 5, hasiko da, eta bitartean entrenamenduak egingo ditu Espainiako selekzioarekin. "Guztira 27 goaz eta nire kategorian, K-1en, hiru, bi kataluniar eta ni. Hirurok artuko dugu parte patrullako, taldeko, txapelketan. Hori 7an izango da. 5ean neskek eta kanoek hartuko dute parte, 6an mutilek, eta 8an finalak izango dira", kontatu du Ugaldek.
Europako txapelketan, bizpahiru metroko luzera duen jaitsiera egin beharko du: "ez da jaitsiera soila, ur korrente bizian egindako zirkuitu bat da". Duela bi urte Europako eta munduko txapelketetan hartu zuen parte Ugaldek, eta sekulako maila dagoela aitortu du. Eslovenian, Espainiak Joko Olinpikoetan erabili dituen jantziak erabiliko ditu uretako probetarako.