Jardun euskara elkarteak berrikuntzekin hasiko du ikasturte berria. Arrizuriaga jauregiaren egoera kaskarra dela eta, hura laga eta Zubietako eskola zaharrean eskainiko ditu aurrerantzean gaur egun Arrizuriagan eskaintzen dituen ekintzak: bertso eskola, errefortzu eskolak eta asteburuko aisialdia, hain justu ere.
Jarduneko ordezkariak pozik daude aldaketarekin. Udalak hobekuntza batzuk egin ditu eraikinean eta Jardunekoek urriaren 1ean hasiko dute han ikasturtea. Bi gela ditu: bata, handia eta bestea, txikiagoa, eta datozen egunetan atondu egingo dituzte Jarduneko ordezkariek urrirako prest izateko.
Berriketan: egitasmo oparoa
Jardun euskara elkarteak dituen ekintza ugarien artean, Berriketan egitasmoa oso garrantzitsua da. Programa horren oinarria da euskaraz berba egiteko ohitura duten lagunak, hitz egiteko ohitura ez duten lagunekin elkartzea.
2006an ekin zioten mintzapraktika programa horri eta urtetik urtera indarra hartzen joan da. Azken ikasturtean, esaterako, 71 lagunek hartu dute parte Berriketan egitasmoan, 21 taldetan banatuta. Horietatik 47 bidelariak izan dira eta 24 bidelagun. Bestalde, aipatzekoa da bost kideko Hika lagun talde bat ere egon dela.
Datu horiek eskuan, ikasturtearen balorazio positiboa egin dute Jarduneko ordezkariek eta egitasmoaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute: "Orain arte intuizioak esaten ziguna, hau da, egitasmo eraginkorra dela, partaideek gustura parte hartzen dutela, mintzamena hobetzeko balio duela... berretsi egin digute egindako inkestek. Hemen hiru datu: bidelari guzti-guztiek aitortzen dute laguntzaileei esker asko edo nahikoa hobetu dutela berba egiteko gaitasuna; partaideen gehiengo oso zabal batek aitortzen du esperientzia oso positiboa izan dela; eta denek aitortzen dute lehen baino leku gehiagotan eta jende gehiagorekin egiten dutela euskaraz.
Jarduneko ordezkariek garbi dute; Mintzapraktika programak hiztun kopurua igotzeko eta euskaldunon sarea osatzeko lagungarriak dira: "Euskararen erabileran ondorio zuzena dute erabilera bultzatzen eta zabaltzen laguntzen dute.
Jardunetik aurreratu dutenez, ohi bezala udazkenean ekingo diote Berriketan egitasmoari. Hori horrela, interesatuek dagoeneko eman dezakete izena Jardun elkartearen bulegoan (Errotalde jauregia) edo 943 76 36 61 zenbakira deituta.
Zirku emanaldia barikuan
Herriko euskara elkarteak zirku emanaldia antolatu du egubakoitzerako, irailak 7, 18:30ean, San Martin plazan. Zirku loretsua taldeak Florenzio Galdino zirku ikuskizuna egingo du. Adin guztiei zuzendutako ikuskizun horretan malabarez, magiaz, pailazoez… gozatzeko aukera izango dute ikusleek. Hain justu ere, Florenzio Galdino lorezaina da eta bere lorategi debekatura doa lanera. Han, sagarra jatean aldaketa jasango du eta aurrerantzean bere lana abentura bilakatuko da eta gauza guztiek norabide ezezagunak hartuko dituzte.
Postal lehiaketa amaitzear
Egun gutxi geratzen dira Jardunek aurten lehenengoz antolatu duen udako euskarazko postal lehiaketan parte hartzeko. Hain justu, postalak jasotzeko azken eguna irailaren 17a da. Edozein pertsonak parte har dezake, nahi beste postal bidalita.Postal guztiak jatorrizkoak eta euskaraz idatziak izan beharko dira eta edozein lekutatik posta arruntez Errotalde jauregira bidaliko dira. Gaiari dagokionez, librea da, eta postalean telefono zenbakia jartzea komeni da. Sariaren kasuan, argazki kamera digitala jasoko du irabazleak. Informazio gehiago 943 76 36 61 zenbakian eta www.goiena.net/blogak/jardun blogean.