Gertakari harekin gatazkak gainditzeko eredu bat finkatu zen Bergaran eta herriko hainbat izenek protagonismo zuzena izan zuten horretan. Hala ere, bake ituna lortzeko nazioarteko bitartekaritza ezinbestekoa izan zen; gehien bat ordezkari britainiarrena.
Hala, aldez aurretik burututako negoziazioak Bergaran berretsi egin ziren. Maroto eta Espartero jeneralek Azkarruntzen elkartu, eta elkar besarkatu zuten. Ondoren, Joakin Irizarren etxean (Irizar jauregian) sinatuko zuten bakea ekarriko zuen komenio edo hitzarmena.
Ituna berretsi ostean Fraiskozurira atera ziren haren berri ematera eta, ingurumari teknikoak ez ezik, Itunak eduki politikoa ere jasotzen zuela ikusita, goizeko ekimena errepikatuz, gudarien arteko besarkadak ere izan ziren. Eta besarkadak errepikatuz joan ziren, gero eta soldadu gehiago Bergarara iritsi ahala.
Gerora, historiak garbi erakutsiko zuen adostutakoaren garrantzia; baita adostutakoa ez betetzearen ondorioak ere.
Iragana biziberritzeko erakusketa
Bergaran hitzarmena sinatu osteko urte askoan zehar ospatu zen urteurren hura, 1843 urtera arte, hain zuzen. Eta gaur egun ere aintzat hartu den gertakizuna da. Hain justu, gertakizun garrantzitsu hura gogoratzen duen oroigarria jarri du Bergarako Udalak Irizar Jauregian, Ituna sinatu zen etxe berean.
Jauregiaren atarian dago kokatuta erakusketa, eta bi atal nagusi ditu:
- Atariaren eskuineko aldean, Bergarako hitzarmena azaltzen dea. Bertan Maroto eta Espartero jeneralen tamaina errealeko figurak daude. Bi figuron artean, panel batek hitzarmenaren nondik norakoak sakonago azaltzen ditu.
- Atariaren ezkerreko aldean eraikinaren, lorategiaren eta jauregiaren alderdi historiko-artistiko esanguratsuenak batzen dituen egitura dago ikusgai.
Liburuxka lagungarria
Bestalde, Besarkadak. Bergarako bake hitzarmena gogoan izeneko liburuxka ere editatu du Bergarako Udalak (euskaraz eta gazteleraz) erakusketa bera eta gertakari historiko haren ikuspegi lokala aberasten dituena.