Besteak beste, nor baino nor gehiago arituko dira Eneko Llanos arabarra, Chris McCormack australiarra, Dirk Bockel alemaniarra eta James Cunnama hegoafrikarra. Eta elitekoekin lehiatuko ez bada ere, Espainiako selekzioarekin lehiatzeko txartela du Aritz Kortabarria (1978) bergararrak.
Gainean dago urteko helburu nagusia. Zer moduz?
Oso ondo, gorputzaldi onean nago eta dena emateko gogoz. Kontua da mundu mailako puntako atletak egongo direla, eta horien aurrean zaila izango dela apartekorik ezer egitea. Gure kategorian ere selekzio askotako atleta onenak izango dira, australiarrak, hegoafrikarrak, portugaldarrak... eta ez ditut ezagutzen. Lehia gogorra izango da.
Noiz lortu zenuen selekzioarekin lehiatzeko txartela?
Duela bi urte, 2010eko Espainiako Txapelketan bigarren izan nintzen Eivissan, eta han sailkatu nintzen. Gainera, orduan Spezialized etxekoek euren materiala utzi zidaten eta domekan Gasteizen izango dira. Polita izango litzateke euren aurrean lan txukuna egitea, baina bizikletako tartea ez da niretako aproposena, lauegia da. Puntako atleta indartsuek batazbesteko oso onak aterako dituzte hor, besteok denbora galduko dugu [Barre].
Selekzioarekin lehiatzeak zer esan nahi du?
Munduko Txapelketako sailkapen orokorrean puntuak batzeko modu bakarra da, beste aukera Openekoekin lehiatzea delako –Hor debagoiendar gehiago izango dira lehian. Hor gainontzeko federatuek parte hartu ahal izango dute, gu baino orduerdi geroago-edo irtenda. Egubakoitzean [gaur] batzarra dugu Gasteizko hotel batean, eta lasterketa egunerako arropa emango digute.
Bada, kirolari olinpikoek Londresera eraman dituzten elastikoak modukoak ematen badizkizuete...
Poligonero itxura ederra eramango dugu [Barre].
Zelako lasterketa izango da?
Igeriketako tartea (4 km) Landan egingo dugu, eta bertan bizikletak hartu eta bi itzuli egingo dizkiogu Landako urtegiari (120 km). Hor, haizea egon ala ez elitekoak kapaz izango dira 42 kilometro orduko batazbestekoa ateratzeko; izugarria da. Ea ni 36-37 kilometro ordura ibil naitekeen... Eta amaitzeko, korrikako lan-saioa (30 km) Gasteizko kaleetan izango da. Oilarrak 3,30 inguruan ibiliko dira kilometroko. Ni, berriz, korrikako saioan ahaleginduko naiz aurretik galdu dudan denbora errekuperatzen, ea indarrik geratzen zaidan. Dena ondo bidean, gutxi gorabehera sei ordu pasatxoko denbora egingo dut, hortik aurrera, emaitza txarra.
Lasterketak korritzeko urrun joan behar izatera ohituta, gozamena izango da halako mailako lasterketa etxe ondoan izatea.
Bai, behingoagatik lagunen eta etxekoen animuak jaso ahal izango ditugu lasterketan zehar, eta polita da bide bazterrean jende ezaguna ikusi ahal izatea. Bestalde, egunero ez dugu halako mailako atleten ondoan lehiatzeko aukera izaten.
Dena dela, Gasteizko lasterketak ez badu nahi moduko emaitza ematen, baduzu non atera arantza.
Bai, abuztuan Lyon-en (Frantzia) egingo duten ironman proban hartuko dut esku. Sasoi onean nagoela aprobetxatu nahi dut beste lasterketa hori egiteko. Irailean ez dakit Bartzelonan korrituko dudan, Espainiako Txapelketan, erabakitzeke dut