Efemerideari behar bezalako pisua eman gura diote, eta herritar talde bat hasi da lehen urratsak egiten, Jesus Arregik deituta. Hain zuzen, uztailaren 24an udaletxean batzartu ziren alkatearekin Jon Molina abadea, Jesus Arregi bera, Zurragako gurutzearen eraikuntzan lan egin zuen aparejadorea, Rikardo Azkargorta –haren aitak, Fernandok, diseinatu zuen gurutzea–, Miguel Angel Elkoroberezibar, Lorentxo Laskurain eta Valen Moñux. Talde eragilea sortu dute eta irailean berriz ere batzartuko dira. Valen Moñuxek "oso emankorra" izan zela dio.

Presente, baina "ahaztuxe"
San Rokerekin batera Bergarako zaindaria da San Martin; gurtze errotuko santua herrian eta jaien patroi izanda estimatua dena. Haren omenez Zurran dagoen gurutze ikusgarria ere bergararren txoko kutunenetakoa da; herriko talaia ofiziala. San Martinen historia eta eragina da, agian, Miguel Angel Elkoroberezibar idazleak aitortzen duenez, “ahaztuxeago” dagoena, eta efemerideen batuketaz baliatu nahiko luke irailean atzera ere batuko den taldeak santu martiriaren figura gertutatzeko.
Gurutzean hiltzeko bokazioa
Martin Agirre eta harekin Japonian izan ziren frantziskotarrak herrialde hartako lehen martiriak izan ziren. “Hemendik Sevillara joan, Sevillatik Mexikora, ondoren Filipinetara eta Japoniara iristea; XVI. mende hartako zailtasunak jakinda, euren bokazioa betetzeko egindako ahaleginak gogorrak” izan zirela nabarmentzen du Elkoroberezibarrek, figuraren garrantziaz galdetuta. “San Martinek berak gurutzean hiltzeko bokazio hori, neurri handi baten, hara joan aurretik” bazeukala dio hark. Hain zuzen, erlijiosoaren bizitza eta obrari buruzko liburua kaleratu zuen hark 1997an. Herrialdean frantziskotarrek eragin zuten inpaktua aitatzen du; iritsi zirela “inongo arma eta gerrarako asmorik gabe, abitua jantzita eta esku hutsik, txiroenei laguntzen” eta “gizarte oso bat nahasi” zutela azaltzen du. “Bokazioa aurrera ateratzeko pertsona ausart” moduan irudikatzen du Elkoroberezibarrek, “helburuak heriotzara arte eraman zituena”. Euskaraz ere baziharduen, "testigantzak baitaude".
Gurutzea, Bergararen lekuko
Zurrako monumentuak horixe omentzen du. Azken mende erdian herriaren garapenaren lekuko isila izan den gurutzeak presentzia handia du herrian, eta irailean iritsiko zaio omenaldi berezia. 1962an santuaren kanonizazioaren mendeurrena zela-eta ipini zuten, Jesus Agirre aparejadore zela, eta uneoro alboan Fernando Azkargorta eta Simon Arrieta artistak zituela. Arrietarentzat lan handikoa izan zen urte hura, inondik inora, udaletxeko murala ere urte hartakoa baita. 24 urte zituen garai hartan Agirrek, baina proiektuak sortu zion zirrara bizirik du gogoan. “Bergarar moduan” 50 urtean “gurutze horrekiko maitasuna” ez duela galdu dio Arregik, eta udal mailan zein herritarren artean ospakizuna prestatzen lagun ziezaioketen kideekin harremanetan jarri zen. Pozik Arregi ere bileran esandakoekin, eta “talde entusiasta” bat osatu dutela dio, “egiten dutena oso ondo egiten dakiena”. Gurutzearen diseinua Fernando Azkargortak egin zuen, margolaria eta delineatzailea zen-eta, eta Jose Arregi arduratu zen obra egiteko neurri eta zenbakiez. Simon Arrieta alboan izan zuten, hura ere bazelako San Martingo batzordeko kide eta bultzatzaile, eta biek eragin zioten mirespena akordatzen da aparejadorea. “24 urterekin munduarekin aurrera egiten duzu, eta proposatu zidatenean bi aldiz ere ez nuen pentsatu”, eta erronka pozarren hartu zuela kontatzen du Arregik. “Ez zen erraza izan, ze behar denaren kontra, monumentua oinarrian estua da goiko aldean zabala” dela agertzen du Arregik, “eta are konplikatuagoa da, ze haizeak gogor jotzen duen leku baten baitago”. Zailtasunak zailtasun, baina, lau bat egunean egin zuten obra osoa, “jaiak gainean zirela-eta, denbora errekorrean”, eta ez euriak eta ezta haizeak ere, ez zuten atzeratu lana. Gurutzeak zeharka dituen lantzak, tximistorratz ere badirenak, martiriaren tortura irudikatzen dutela azaltzen du. Gogoan ere badauka garai hartan lan guztiek herrian eragin zuten jaiera. Orduko ilusioarekin ekingo die antolakuntza lanei Arregik ere irailetik aurrera.
-----------------
Japoniako lehen kristau martiriak
San Martin Agirre 1597an gurutziltzatu zuten beste 26 erlijiosorekin batera Nagasakin, kristautasuna legez debekatua zegoen garaian. Japoniako kristauen topalekua da Nagasaki, eta historikoki ere kristau komunitate handiena Japoniako hiri horrek izan du. Martiri eta santu da Eliza Katolikoaren arabera San Martin Agirre. Misiolariaren jatorria eta biografia ez daude erabat garbi, zalantzazko dokumetazio ugari baitago. XVII. mendean hasi zen beatifikazio prozesua eta ordurako Bergarak eta Beasainek aldarrikatzen zuten Agirre herriko seme modura.
Zigor moduan ezker belarriko gingila moztu eta heriotzera zigortu zuten bere anaiekin batera debekatutako kristau fedea zabaltzeagatik. Gurutziltzatu eta lantzekin zulatu zituzten kondenatuak hil arte, 4.000 pertsonaren aurrean. Japoniako lehen martiriak izan ziren, 26 guztira, eta Eliza Katolikoak otsailaren 6an ospatzen du haien eguna egutegi liturgikoan.