San Inazio egunean jokatutako lagunarte partidua bertatik bertara ikusteko sarrerak uztailaren 30ean jarriko dituzte salgai, eta baita egunean bertan ere, goizetik. Umeek 3 euro ordaindu beharko dituzte, gazteek 5 euro, nagusiek 15 euro, eta partidua tribunan ikusi nahi dutenek 20 euro. hala, Bergarako bazkideek 5 euroko deskontua izango dute.
Bergarara etorri aurretik, Realak beste hitzordu bat izango du, bihar, zapatua, Bordeleko Girondins taldearen kontra jokatuko dutelako partidua, Irunen. Hala, martitzeneko Bergarako lagunartekoa denboraldiaurreko bosgarrena izango da Montanierren gizonendako. Abuztu hasieran, berriz, Italiako iparraldera joango dira hamar egunez, han beste lau norgehiagoka jokatzeko. Eta handik bueltan Zubietan egingo dituzte liga hasi aurreko lan-saio guztiak, Bartzelonaren kontra estreinatu arte.
Sanse eta Eibar abuztuan
Realaren eta Zaragozaren lagunarteko partiduaz batera, abuztuaren 18an Sanse eta Eibar etorriko dira Agorrosinera, lagunarteko beste partidu bat jokatzera.
Uda osteko torneoak
Bailarako ohorezko erregionaleko taldeei dagokienez, euretak gehienek uztaileko egun hauek hainbat entrenamendu saio egiteko aprobetxatu dituzte, eta abuztuko lehen hiru asteak atseden hartu ostean lanera itzuliko dira, abuztuaren 20an. Azken asteburuan etorriko dira udako futbol torneoak. Bergara Hiria, esaterako, urriaren 31n jokatuko dute. Eta Arrasate Hiria, berriz, irailaren 8an. Liga, berriz, irailaren 15ean hasiko dute.