Bere txikitasunean, paretetan handi

Arritxu Barruso 2012ko abuztuaren 29a

Mitx bezala ezagutzen dute Araotz inguruan. 12 urte besterik ez du, baina adina bikoizten dioten eskalatzaileek ere errespetuz agurtzen dute. Ez da gutxiagorako.

Urtebete da entrenatzen hasi zela, eta paretetan zintzilik urteak daramatzatenek egiten ez dutena erraz egitera iritsi da. Eskalada munduko hedabide asko dagoeneko begira ditu Mikel Linazisoro bergararrak, eta "haur prodijio" hitzez lagunduta joaten da haren izena gehienetan. 5.10 eta Ternua marka ezagunak ere konturatu dira gaztetxoaren abileziaz.

Taldeko beste bat gehiago

Paretan gora dabilen bitartean, inguruko eskalatzaileak, ezinbestez, begira izaten ditu; ikusgarria da gora egiteko daukan erraztasuna. Begirada horiek, baina, ez diote askorik axola. Araozko eskalatzaile koadrilako beste bat gehiago da eta batekin eta bestearekin hizketan eta txantxetan ibiltzen da, oso mutiko bizia baita. 

Normala den moduan, oraindik gazteegia da egiten duenaren meritua baloratzeko, baina badaki egiten duena berezia eta oso zaila dela. Irribarre lotsati batekin kontatu digu urtebetean lortu duena: "Txikitatik eskalatu izan dut, baina duela urtebete hasi nintzen entrenatzen. Hasieran sei graduko paretekin hasi nintzen eta orain 8-A gradukoak egiten ditut". Eskaladaz gutxi dakitenendako, haren entrenatzaile Joxean Mulasek argitzen du 8-A graduko paretak oso maila handikoak direla eta eskalatzaile askok urteak behar izaten dituztela maila hori lortzeko.

Espainiako txapelduna

Entrenatzen urtebete daraman arren, txapel garrantzitsuak jantzi ditu dagoeneko. 16 urtez azpiko Espainiako Eskalada Txapelketa eta Espainiako Kopa irabazi ditu, eta, bietan, lor zitekeen puntuazio handiena lortu du. 

Eta zelan da posible lortu duena lortzea?: "Abilezia fisikoez gain, oso azkarra delako, eta burua argi duelako beti. Ondo eskalatzeko ezinbestekoa da burua ondo erabiltzea!", dio Mulasek.

Bere bizitzako pareta igotzen hasi besterik ez da egin, baina tontorra oso goian izango da seguru.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak