Entxilada berdearen saltsa eta koipe mexikar umoretsua Berumugaren azken txanpan

Maider Arregi 2012ko uztailaren 26a

Abuztuaren 2an eskainiko dute kontzertua Los Mighty Calacas mexikarrek; Aire Ahizpak ordea, abuztuaren 23an izango dira Espoloian, 22:00etan.

Berumuga musika zikloa azken txanpan sartu da. Hala, abuztuan bi emanaldirekin gozatzeko aukera izango da Espoloian. Lehenak, Los Mighty Calacas mexikarrak izango dira. Grabatu berri duten Desde mexico! diskoa aurkeztera datoz Bergarara. Blues, tropical soul, funky cumbia, surf eta groove doinuen erritmora dantza egiteko aukera aparta izango da datorren eguenean, abuztuaren 2an, 22:00etan hasita. Marcos Coll–armonika–, Emiliano Juarez –gitarra–, Fernando Ruvel –baxua eta ahotsa– eta Zoar Mirandak–bateria– osatzen dute %100ean mexikarra den taldea. Adar jotzea eta festa gustuko du laukoteak agertokian. Entxilada berdearen saltsa eta koipe mexikar umoretsua ez da faltako beraz.

Aire Ahizpak

Berumuga musika jaialdiari bukaera borobila emateko, aldiz, Aire Ahizpak zuzenean entzuteko aukera izango da abuztuaren 23an, eguenean. Iparraldetik, Zuberoatik datozen hiru ahizpek osatzen dute taldea: Miren Amaia eta Paxkalinek. Euskal kantagintzaren ahoko tradizioa daramate zainetan. Izan ere Fernando Aire Xalbador bertsolariaren bilobak dira; kantu artean bizi izan dira-eta euskal kantagintzaren olatu berrian murgilduak dira jada.

Abesten dituzten kanten artean daude kantu zaharrak edo herrikoiak eta abesti berrien bertsioak. A kapela kantatzen dute gainera; baina musikaren laguntzaz ere aritzen dira agertokian.

Hala, Espoloian Aire Ahizpak duten ohiko gustu ona eta indar handia bertatik bertara entzun eta ikusteko aukera izango da Aurtengo Berumugako azken emanaldi honetan.

Hegoaldean oso ezagunak ez diren arren –nahiz eta Debagoienean behin baino gehiagotan izan ditugun– benetan estimatuak dira Iparraldeko kantaren berri dutenen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak