Martin Arriaranen bigarren eleberria: 'Tributo a Caissa'

Goiatz Arana Begiristain 2012ko uztailaren 25a

Martin Arriaran bergararrak 'Tributo a Caissa' eleberria argitaratu du, literatura eta ajedreza, bere bi zaletasun nagusiak uztartuz bertan. Ez da, baina, ajedrezaz ulertzen dutenei solik zuzendutako lan bat, polizia-nobelak eta misterioa gustuko dituzten ororentzako baizik. Irakurri dutenek aitortu diote liburuak lehen orritik azkeneraino harrapatu dituela. 

Isilean eta gauez lan egiten dutenetakoa da, ezezaguna oraindik askorentzat, baina esan daiteke idazle bezala finkatzen ari dela. Tributo a Caissa da bere lanik berriena, argia ikusi berri duena, eta pozik dago emaitzarekin: asko gustatzen ari zitzaiola aitortu zion editoreak irakurtzen ari zen heinean, lehen orritik azkeneraino harrapatu dituela aitortu diote irakurri duten hainbatek eta, garrantzitsuena, bera gustura geratu da egindako lanarekin.

Gaztetatik ajedrezean jokatzen

Gaztetatik jokatzen du ajedrezean Arrasateko eta Bergarako klubetan, nahiz eta badiren urte batzuk lehiatzeari utzi ziola. Ajedreza oinarri duten eleberri asko irakurritakoa da, baina kirol horren gaineko ezagutza falta sumatu du kasu gehienetan. Bere pasioetako bat da ajedreza, literaturarekin batera, eta biak uztartu ditu Tributo a Caissa izeneko eleberrian; ajedrezaren jainkosa greziarra da Caissa. Baina publiko zabalari zuzendutako lana da, misterioz jantzitako kontakizuna.

Alejandria, Londres eta Donostia

Alejandrian kokatzen da liburuaren lehen zatia, 642. urtean, liburutegi mitikoaren suntsipenaren aurretik; bigarrena XVIII. mendean girotuta dago, Londresko abade-etxe misteriotsu batean; eta aurrekari horietatik aurrera, gaur egungo Donostian jarraitzen du, 2008ko torneo batean, Interneteko ajedrez jokalari batekin.

Beste bi lan esku artean

Atejaun idatzi zuen 2010ean, eta Tributo a Caissa kaleratu berri, beste bi lanetan murgildu da dagoeneko: beldurrezko labur bat da horietako bat eta ezer argiratu aurretik idatzitako zientzia-fikziozko lana bestea; argitaratzea lortzeko helburuarekin, berridazten ari da orain. Martin Arriaranen asmoa da 2013an kaleratzea lan horiek; bien bitartean, liburu-dendetan salgai dago Tributo a Caissa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak