Patxi Lopez: "Hiperion proiektua ekonomiaren beste alorretan egin behar dugunaren adibide aproposa da"

Txomin Madina Milikua 2012ko uztailaren 25a

Bost euskal enpresak, tartean Bergarako Soralucek, aurrera eraman duten Hiperion proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur Soraluceren Osintxuko lantegian, eta aurkezpen ekitaldi honetan izan dira besteak beste, Patxi Lopez lehendakaria eta Martin Garitano aldun nagusia. Hiperion proiektuaren eredugarritasuna azpimarratu du Lopezek, eta iragarri du, Europako inbertsio fondoak 460 milioi euroko mailegua egin diolla eusko jaurlaritzari. 

2009an abiarazi zuten Soraluce, Etxetar, Goratu, Danobat eta Zayer enpresek eta zientzia eta teknologiaren sareko hiru agentek Hiperion proiektua, eta gaur aurkeztu dituzte elkarlan horeen emaitzak Soraluce lantegian egindako ekitaldian. Bertan, besteak beste Patxi Lopez lehendakaria izan da, baita Martin Garitano diputatu nagusia eta Jaurlaritzako Industria, Merkataritza, Berrikuntza eta Turismo sailburu Bernabe Unda ere.



Proiektuaren helburua da makina-erramintaren euskal partzuergoa pieza handientzat doitasunezko makinen munduko lehen erosketa aukera izatea,  eta era berean, Euskal Autonomia Erkidegoa hazkunde iraunkorreko lurralde bezala sustatzea. Lortutako emaitzei dagokienez, Hiperion proiektuari esker lau patente berri eta patenteei buruzko zazpi bideragarritadsun ikerketa lortu dira.

Alor publiko eta pribatuaren arteko elkarlana

Jaurlaritzaren Etorgai ekimenak diruz lagundutako proiektua izan da Hiperion, eta  Patxi Lopezek, gainerako sektoreentzat adibide gisa jarri du: "Hiperion proiektua ekonomiaren beste alorretan egin behar dugunaren adibide aproposa da" esan du  Lehendakariak, eta gaineratu du, Hiperion bezalako proiektuak direla beharrezkoak krisiari aurre egiteko.

Orotara, 11,5 milioi euroko aurrekontua izan du Hiperionek, eta horietako 8,8 ikerkuntza eta garapenean inbertitu dira. I+G alorrean egin du bere ekarpena Jaurlaritzak, 3,1 milioi euroko laguntza emanaz;  enpresek eurek, 5,7 milioi euro erabili dituzte ikerketa eta garapenerako. Hala, Lopezek esan du kasu honetan, inbertitutako euro publiko bakoitzeko ekimen pribatuko ia bi euro inbertitu direla. Zentzu horretan, esparru publiko eta pribatuaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du lehendakariak, baita ikerketa eta garapenean egindako apustua ere.

Europako Inbertsio Bankutik, 460 milioi euro

Gaur Bergaran egindako agerraldian Patxi Lopezek iragarri du era berean, Europako Inbertsio Bankuak 460 milioi euroko mailegua eman diola Eusko Jaurlaritzari, eta baldintzak oso onuragarriak direla. Lehendakariaren esanetan, mailegua lortu izanak erakusten du Jaurlaritzaren proiektuek "konfiantza" sortzen dutela.

ARGAZKI GALERIA

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak