Abuztuan terrazak jartzearren tasarik ez kobratzeko proposamena, onartu gabe

Txomin Madina Milikua 2012ko uztailaren 24a

Bergaran osoko bilkura izan zuten atzo eta eztabaidatutako gaien artean egon zen abuztuan terrazak dituzten ostalariei hil horretako errenta ez kobratzeko aukera. Horixe proposatu zuen EAJk mozio bidez, baina azkenean ez zen onartu; Udal Gobernuak, proposamenaren aurka ez dagoen arren, gaia sakonago aztertu behar dela uste du. Tavexeko langileek aurkeztutako mozioa izan zen osoko bilkuraren beste puntu garrantzitsuetako bat.

Herriko taberna eta jatetxeen terrazak izan ziren atzo Bergaran egin zen osoko bilkuran eztabaidatu zuten puntuetako bat. Izan ere, EAJk mozio bat aurkeztu zuen eskatuaz terrazak jarriko dituzten ostalarieri terrazak jartzeagatik abuztu honetan tasarik ez kobratzeko. EAJkoek argudiatu zuten abuztuan herria triste egoten dela,  turistek ez dutela zerbitzu nahikoa izaten otorduak-eta egiteko eta proposatutako neurriekin ostalariak abuztuan irekitzera animatu gura dituztela. "Premiazko neurri bat izatea proposatu dugu, gero egingo genuke azterketa sakonago bat. 

Udal gobernuak bere aldetik, esan zuen berez neurriaren kontra ez dauden arren, sakontasun gehiagorekin aztertu beharreko kontua dela, besteak beste,  terrazak jartzen dituzten eta ez dituzten establezimenduen artean neurri diskriminatzailea izan daitekeelako. Justina Elexpuru turismo zinegotziak gaineratu zuen, iazko datuak eskutan hartuta, taberna dezente egon zirela irekita.

Hala, momentuz neurria ez onartu eta hurrengo ordenantza fiskalak eztabaidatzen direnean gaia sakon aztertzea porposatu zuten Udal Gobernutik kontramozio moduan. Azken hau izan zen azkenean bozkatu eta onartu zena. EAJ eta PSEk kontramozioaren aurka bozkatu zuten, Udal Gobernuko kide den Aralarreko zinegotzi Juanje Amosarrain astenitu egin zen eta gainerako Udal Gobernuko kideek alde bozkatu zuten.

Mizpirualde egoitza eta zabortegiak ere berbagai

EAJk beste mozio bat ere aurkeztu zuen, herrian eta inguruneetan zabortegirik ez egitea eskatzen zuena. Baina mozio hau ere aztera bota zen osoko bilkuran zeuden Udal Gobernuko bederatzi zinegotzien botoekin. Eztabaida piztu zuen baiata ere Mizpirualdeko zaharren egoitzari buruzko puntuak: EAJ-k kiritikatu egin zuen egoitzan egin diren moldaketekin plazak murriztu egin direla, eta Udal Gobernutik erantzun zuten beharrezkoa zela legedia betetzeko.

Tavexeko langileen mozioa

Atzoko osoko bilkuran Tavex lantegiko langileek protagonismo berezia izan zuten. Mozio bat aurkeztu zuten, udalbatzari esanaz enpresari eskatzeko langileekin dituzten betebeharrak betetzeko eta hauek bete bitartean Tavexek Bergaran dituen lurretan lanik edo bestelakorik egiteko lizentziarik ez emateko. Alderdi politiko guztiak mozioaren alde agertu ziren, eta gaiak nazioarteko inplikazioak dituenez, Aintzane Oiarbidek esan zuen Izaskun Bilbao europarlamentari jeltzalearengana joko dutela laguntza.

Udal Gobernuari egindako balorazioei kritika

Bukatzeko, galde-erreguen tartean, Udal Gobernuko kideek euren desadostasuna erakutsi zuten gainerako talde politikoek lehen urteari buruz egindako balorazioaren inguruan. Hala, besteak beste esan zuten ez dela egia, EAJk esan bezala, egungo Udal Gobernuarekin %35 gehitu direnik pertsonal gastuak. "Gezurra esatea gaizki dago, baina egia ezkutatzeko beste egia batzuk esatea askoz txarragoa da, errealitatea manipulatu egiten duzu. Oposizioak hori egin duela uste dugu, eta saiatu gara datuen bidez euren argumentuak argitzen" azaldu zuen Jesus Elortza alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak