Lokatzako Tourreko porrako lehen saria Arrasatera: 4.920 euro

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko uztailaren 24a

Bergarako Lokatza txirrindulari taldeak atzo iluntzean banatu zituzten 2012ko Frantziako Tourreko porrako sariak. Guztira, 492 porra egin ziren eta Lokatzakoek ia 9.000 euro banatu zituzten. Sebas Fernandez arrasatearrak eraman zuen lehen saria: 4.920 euro. Palomo ezizena duen antzuolarrak jaso zuen bigarren saria: 2.460 euro. Hirugarren saria, berriz, berdinketa izan zenez bai puntuazioan eta baita etapa irabazleetan ere, bi pertsonen artean banatu behar izan zituzten 1.476 euroak: Peter Velits antzuolarrak eta Amelu arrasatearrak jaso zuten, bakoitzak 738 euroko saria.

Sari nagusiez gain, Zabala jatetxeak bere urteurrenarekin bat egiten duen porrako zenbakia saritu zuen, aurten 83. zenbakia.Horren irabazlea izan zen Xabier Eguren.

Lehen euskalduna Haimar Zubeldia izango zela asmatu zuten 12 pertsonen artean zozketa egin ostean, Sakarina beltza izenarekin egindako porrak jaso zuen saria.

Sari banaketa egin zuten momentuan bertan zeuden eta aurretik porra eginda zuten pertsonen artean ere banatu zuten beste sari bat, Gaittao harategiak banatutako sari hori Anetxek jaso zuen.

Guztiak pozik

Lokatzakoak pozik agertu ziren porrak izandako harrerarekin, izan ere, inoiz baino porra gehiago izan ziren: guztira 492.

Porraren irabazlea ere, sariarekin gustura agertu zen eta irabazteko zaletasuna eta zortea behar direla esan zigun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak