Joseba Cervo: "Ramadana positiboa dela uste dut eta horregatik betetzen dut nik ere"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko abuztuaren 16a

Marokoko Tanger hirian ezagutu zuen bere emaztea Joseba Cervok (Donostia, 1974). Egun harategia dauka Bergarako Domingo Irala kalean eta emaztearen bidez musulmanek dituzten ohiturekin bat egitea bururatu zitzaion aspaldi. Harekin egin dugu berba, uztailaren 20an hasitako Ramadanaren gainean.

Nola bizi duzu zuk Ramadana?

Lasai-lasai. Garai honetan inoiz baino luzeagoa da eguna eta akaso gogorragoa egiten da. Eguzkia irteten denetik sartu arte jan, edan eta erre barik egotea ez da erosoa, baina erraz egiten dugu. Izan ere, gorputza zaintzea du helburu: gehiegi jan, edan edota erretzen duenari ondo datorkio. 

Gero gauean jai giroan egoten gara baina otoitz ere egiten da, noski. 

Zergatik hasi zinen, bada, Ramadana egiten? 

Tangerko neska batekin ezkondu nintzen eta bere ohiturak azaldu zizkidan. Gauza positiboa dela uste dut eta horregatik erabaki nuen nik ere, nire erara, betetzea. Izan ere, ez dut musulmanek betetzen duten moduan betetzen. Nire egoera pertsonalaren araberakoa da: Ramadan osoa betetzeko moduan banago osorik betetzen dut, baina ezin dudanean ez dut arazorik egun batez-edo alde batera uzteko. Hala ere, betetzen ez dudanean, Ramadanak eskatzen dituen laguntza ekintzak egiten ditut, esaterako, pobrea denari lagundu. 

Bestalde, harategian garai baten halal elikagaiak, hau da, musulmanek inongo arazo barik jan ditzaketenak saltzen nituen inguruan bizi ziren pakistandar batzuei mesedea egitearren. Gero etortzeari utzi zioten eta horrekin batera beste mutil batek halako saltoki bat ireki zuen. Horregatik orain bertan nire harategia ohikoa da, ez du ezer apartekorik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak