"Ongi etorri etxera, ongi etorri herrira"

Ubane Madera 2012ko uztailaren 22a

Atzo, zapatua, egin zioten ongi-etorria Aitziber Plazaola gazteari, ekainean aske utzi ostean. Herritarrak eta ingurukoak elkartu ziren San Martin plazan, eta bertso, danbor hots, dantza eta kantuek lagunduta, txalo eta besarkada artean "ongi etorri herrira, ongi etorri etxera", esan zioten.

Danbor hotsek iragarri zuten atzoko ongi-etorri ekitaldiaren hasiera. Plazaolaren gaztetxeko lagunek San Martin piezaren erritmoa danborren bitartez barreiatu zuten San Martin plazan bertaratutakoen artean. Plazaola bera ere ipini zuten danborrada gidatzen, gidari-makila emanda. 

Ondoren, ongi-etorri bertsoak kantatu, lagunen gutuna irakurri eta Agurra dantzatu zioten.

Eta gero, Bergarako gazte eta Herrira mugimenduen berbak entzun zituen Plazaolak, ekitaldirako ipinitako taula gainera igota. 

Besteak beste, gogora ekarri zuten zela 2010ean 14 gazte atxilotu zituzten; Plazaola joan egin zela orduan, Iparralden agertuz beste zortzi gazterekin batera, eta gero zela Frantzian kartzelaratu egin zuten, Espainiara bidali ostean eta harrezkero Alcalan lehenengo eta Estremen gero, Madrilen preso egon dela.

Horrez gainera, jendea animatu zuten lanean jarraitzeko "herriko seme-alabak etxeratzeko bidea lizea" delako oraindik, "egoera politiko onenean" egonda ere. "Errepresiotik herri presiora eta herri presiotik irri presiora" pasatzeko deia ere zabaldu zuten.

Eta bukatu aurretik hainbat presoren senideek Plazaola besarkatu eta larrosa bana eman zioten. Besteak beste, Luis Mari Azkargorta Kanto eta Mikel Askasibar Aska presoen senideek besarkatu zuten herrikidea.

Horren ostean Plazaolak berak hartu zuen berba eta eskerrak eman zituen: etxekoei, lagunei, senideei, berarekin preso egon direnei, euskal presoen eta iheslarien senideei… Eta "borrokarako deia" egin zuen Plazaolak berak ere, "preso eta iheslarien alde asko" dagoelako egiteko.

Lepoan hartu ta segi aurrera kantuarekin bukatu zuten ekitaldia eta gero txikiteoan abiatu ziren, afaltzera joan aurretik. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak