Hiru dira jorratutako ildo nagusiak: Angiozar Bailararen kohesioa eta egokiena den antolaketa; bizi kalitatea bermatzea, zerbitzu eskaintza hobetuz; eta, azkenik, garapen sozioekonomikoa sustatzea.
Aldekoak eta kontrakoak
Angiozarren bizi izatearen alde onak eta txarrak aztergai izan dituzte: positiboen artean, naturarekin harreman zuzena, lasaitasun eta bake giroan bizi izatea eta jendearen arteko harreman hurbilak. Kontrako puntuetan, aldiz, herrigunean baino zerbitz-sare apalagoa, erosketak egiteko edo eskolara joateko hainbat kilometro egin behar izatea eta azpiegituren egoera.
Bailararen etorkizuna pentsatzerakoan interes orokorreko azpiegiturek azken urteotan bertan duten eragina eta sortzen duten menpekotasuna dira haien kezka nagusienetakoa. Landa-eremuan bizi izatearen alde: "Harrigarria da bailara honetan eta inguru hurbilean interes orokorreko zenbat azpiegitura eraiki diren, mota guztietakoak eraiki ere: hondakin geldoen eskualde-zabortegia; AP-1 autobidearen Bergara-Arrasate tarteko obrak amaitu zituzten, eta Angiozarko bailara fisikoki itxi egin zuten 2005ean, autobidea igarotzeko horma itzel baten bidez; 2010ean goi-tentsioko linea berri baten trazadura egin zen; Beasai-Durango korridoreak Epelen zehar egiten du bidea; Abiadura Handiko Trena edo egiteko diren konpostatze planta...".
Kontraprestazioak
Bizi duten egoera dela-eta etorkizun egoki eta jasangarrirako oinarriak jartzea proposatzen dute angiozartarrek; bailararen barne kohesiorako bideak, urbanizazioaren hobekuntza kalean zein auzoetan, Internet, bertarako zein Debagoienerako izan daitezkeen zerbitzuak bertan kokatzea (eta ez bakarrik zaborrarekin edo bideekin lotutakoak), kultur ondarea berreskuratzea, kultur eta kirol-azpiegiturak eta Angiozar bailarako inguru sozio-ekonomikoa berreskuratzeko plana. Diputaziora, Mankomunitatera eta Bergarako Udalera bidali dute dokumentua eta astelehenean izango dute aztergai udaletxean, udalbatzako alderdi guztiekin.