Enpresa-batzordetik azaldu dutenez, "kualifikazio handiko" aditu batzuekin batera landu zuten egitasmoa, Arcelor Mittalek Bergaran duen lantokirako egitasmo "egingarria". Lehenengo eta behin, Bergarako lantokiko zuzendaritzari aurkeztu zioten 2011ko azaroan, eta taldeko zuzendaritzari ondoren, baina "arbuiatu" egin zuten: "Aurkeztu genuen egitasmoak Bergararentzat izan zezakeen balioa zalantzan jarri ez bazuten ere, arbuiatu egin zuten, tokiko ikuspegi handiegiaz egin zela eta zuzendaritzak arazoaren ikuspegi zabalagoa izan behar zuela argudiatuz".
Eusko Jaurlaritzaren Industria sailarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta herriko alderdi politiko guztiekin harremanetan jartzea izan zen hurrengo urratsa, Bergarako udalbatzan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean mozio bana aurkezteko asmoa zutela azaltzeko. Bergarako Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan aho batez onartu zituzten, eta legebiltzarkideen %90 baino gehiagok adierazi zioten atxikimendua.
Horren aurrean, Bergarako Arcelor Mittaleko batzordetik diote lanean jarraituko dutela, Bergarako lantegiaren etorkizunaren alde: "Kaltegarria deritzogu taldeko zuzendaritzak eman digun erantzunari, Bergarako lantegiaren etorkizuna izan dezakeen inertziaren esku lagatzen duelako. Onuragarria deritzogu, aldiz, politikagintzatik eta erakundeetatik jasotako laguntzari eta agintzen dugu erakundeen eta Arcelor Mittalaren arteko presio-palanka gisa jardungo garela, aipatu erakundeak lasaitu ez daitezen multinazionalak eraman gaituen etorkizun zalantzagarri honetan".