EAJk, besteak beste, pertsonal gastua handitu izana leporatu zion Gobernuari eta baita politiko bakarra beharrean hiru politikari izatea soldataz ordainduta. EAJren esanetan 2007ra arte Udalak beti politiko bakarra izan du soldataz ordaindua.
Gai honen harira Gobernuak adierazi du EAJ gobernuan zegoen garaiko diru berarekin orain hiru soldata ordaintzen direla: "Alkatea %100ean dago liberatuta, Bilduko zinegotzi bat %80an eta beste bat %66an. Azken hau Udalak ordaintzen du, baina Bilduri dagokion asignaziotik. Bestetik, 2004an Udalak ordaindutako liberatu bakarraren soldatari KPIaren igoera aplikatuz gero soldata 67.821 euro litzateke. Bada, 2011n kopuru ia berarekin –68.505 euro– Udaletik liberatuen 1,80ren dedikazioa ordaindu da".
Udal Gobernuak bestetik adierazi du Udal talde politikoen gastua txikitu egin dela eta 2006an EAJ agintean zegoenean 302.211 eurokoa zen bitartean orain 254.940 eurokoa dela gastu hori. Gastu horien gaineko "informazio zabala" udal webgunean ikusgai dagoela azaldu dute.
Pertsonal gastua %35 igotzea izan zen EAJk salatutako beste puntu bat. Gobernuaren esanetan igoera hori "azpikontratazioaren jaitsiera baten konpentsatzen da" eta gaineratu dute "oposizioak dio etorkizuna hipotekatu egiten dela, baina argitu beharra dago maileguetatik genuen zorra hiru milioi jaitsi dela".
Politika ekonomikoa
EAJko beste kritiketako izan zen Udal Gobernuak politika ekonomiko "arduragabea" egiten ari dela. Azken horien ustez baina "adierazleek erakusten dute aurreko egoerarekiko baldintzak hobeto egin direla". Honakoa diote: Herritarren arreta zerbitzuak indartzeko apustua egin da. Ur zerbitzua eta kale garbiketa munizipalizatu egin ziren aurreko legealdian. Orduan udal teknikariek egindako zerbitzuek agerian utzi zuten arlo ekonomikoan zerbitzu hauek berreskuratzeak zituen onurak eta denborak baieztatu du. Azkenik, Foru Aldundiaren adierazleen webgunean garbi ikusten da Bergarako Udalari dagokionean adierazle ekonomiko finantzieroak hobetu egin direla azken urteetan".
Jeltzaleek balorazioa amaitzeko Mizpirualde egoitzan hamar ohe kendu izanaren gaineko azalpenak eskatu zizkion pasa den astean Gobernuari. Erantzuna honakoa izan da: "Mizpirualden hamar ohe murriztearen arrazoia, Diputazioak homologatzeko ezinbesteko baldintza bete dugula izan da. Legean eskatzen du logelen %25 banako gelak izatea. Modu horretan diru-laguntzak jaso ahal izateko".
Diru-laguntzei begira
Hain justu ere, PSE-EEk Udal Gobernuaren jardunaren gainean egindako kritiketako bat izan zen diru-laguntzak lortzeko instituzioetara ez jotzea. Gobernuko kideek azaldu dute "inon diren diru-laguntza guztietara aurkezteko komenientzia aztertu" dutela eta baldintza tekniko eta ekonomikoak egokiak badira deialdira aurkeztu direla.
Bilduk eta Aralarren osatzen duten Gobernuak oharra amaitze du adieraziz "momentu oro irekita daudela oposizioarekin elkarrizketak izan eta erabakiak hartzeko" eta horregatik gai guztiak batzordeetatik pasatzen direla.