Aitziber Plazaolaren ondo etorrian parte hartzera deitu du ezker abertzaleak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko uztailaren 18a

Bergarako ezker abertzaleak bat egin du Herrira plataformak zapatu honetan Aitziber Plazaolari egingo dion ondo etorri ekitaldian parte hartzera. "Bergarar guztiei ondo etorrian parte hartzeko deia egiten dizuegu" dio ezker abertzaleak. Oraingo zapatuan, 21ean, San Martin plazan egingo diote ondo etorria 19:30ean hasita. Eta, 21:00etan, afaria, Munibe plazan. Afariko tiketak Arrano edo Bulen daude salgai.

Ekainaren 28an laga zuten aske Aitziber Plazaola. Eta, orduan harrera egin zioten herritar batzuek.

Aitziber Plazaolak, Xibo-k, "bere militantzia politikoagatik alde egin behar izan zuen" Bergaratik. Ondoren, Ipar Euskal Herrian atxilotua izan zen, Espainiaratua eta kartzelaratua Segiko kide izatearen salaketapean. Orain dela gutxi aske gelditu da baldintzapean eta epaiketaren zain.

"Biolentzia amaitu beharra dago"

"Euskal Herrian biolentzia amaitu beharra dago. ETA erakundeak borroka armatua utzi ondoren, indarrean dagoen biolentzia bakarra Espainia eta Frantziako Estatuek Euskal Herritarren aurka erabiltzen dutena da. Ez dago eskubiderik euskal gazteak, militantzia politiko hutsagatik atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izateko. Jarrera honek erakusten du Estatuen helburua ez dela erakunde armatu baten disoluzioa, ezta pentsatu ere! Estatuen helburua Euskal Herriaren desagerpena da eta horregatik erabiltzen dute indarraren arrazoia" dio Bergarako ezker abertzaleak.

Albiste "pozgarriak"

Azken egun hauetako albisteek, "pozez betetzen gaituzte: Sorturen legeztapena, Parot Doktrinari Europako Auzitegietatik ezarri dioten kondena eta nola ez Xibo kartzelatik atera izana".

"Gertakari hauek erakusten dute Ezker Abertzaleak abiatutako estrategia berria fruituak ematen ari dela. Euskal Herrian eta Bergaran badago indar nahikoa gure herrira bakea, demokrazia eta askatasuna ekartzeko. Gurea da arrazoiaren indarra. Indarrak batuz eta gogor lan eginez lortuko dugu!" amaitzen du Bergarako ezker abertzalearen oharrak.

"Besarkada handi bat"

Eta, Plazaolari eskainiko zaion ondo etorri ekitaldian parte hartzera animatzen ditu herritarrak: "Besarkada handi bat Aitziber! Laster, gainontzeko preso politikoak etxera ekarriko ditugulakoan, larunbatera arte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak