Pertsonal gastuak gora
Bildu eta Aralarrek osatutako Udal Gobernuak krisi ekonomikoa kudeatzeko modua kritikatu zuen EAJk eta adierazi zuten "politika ekonomiko arduragabea" jarraitu duela. Zentzu horretan salatu zuten pertsonal gastua %35 hazi dela eta horrek "sekulako pisua" ekarriko duela Udalaren etorkizuna "erabat hipotekatuz". Oposizioaren esanetan Bergarako udalak 153 langile zituen 2007an eta 182 egun.
Ekonomia kontuekin jarraituz, EAJk salatu zuen gaur egun Udal Gobernuak alkatea eta bi zinegotzi ordaintzen dituela soldataz eta beraien hitzetan "2007ra arte Udalak politiko bakarra izan du beti soldatarekin".
Gobernuak Cespako langileekin izandako auzia eta ondorioz ordaindu beharreko indemnizazioa ere izan zuen hizpide oposizioak. "Kaleratutako langileei 250.000 eurotik gora ordaindu beharko die. Gainera, langile horiei eta euren familiei egindako kalteak era asko arduratzen gaitu. Horrez gain, hilabete luzetan kontrataturik egon diren beste langileen lanpostuak ez dira ez argitaratu ez deialdirik egin. Honek beste langileekiko eta langabezian daudenekiko justiziarik gabeko egoera sortu du".
"Demokrazia eskasa"
EAJk bestetik "demokrazia eskaseko jarrerak" salatu zituen: "Sindikatuak eta Gobernuak bitariko mahaia sortu dute. Ondoren, gaia osoko bilkurara eraman eta gehiengo nagusia inposiziozko zentzuan gehiago erabiltzen dute adostasunezko zentzuan baino.Era honetara, oposizioko zinegotziak elkarrizketa eta erabakietatik kanpora uzten gaituzte Udaleko zenbait gai garrantzitsutan, hala nola, sindikatuekin lortutako akordioetan, Seminarioari dagokion erabakietan, Mankomunitatean, Mizpirualdeko kudeaketan..."
Herri partaidetza zalantzan
Udal Gobernuak herritarren parte-hartzean egindako lana ere zalantzan jarri zuen EAJk: "Behin eta berriz eskatu arren, ez digute atez ateko zabor bilketaren bideragarritasun planik aurkeztu, ezta aurrekonturik ere. Hau al da Bilduk kanpaina osoan aldarrikatzen zuen partaidetza eta gardentasuna?". EAJko zinegotzien ustez Gobernuak oso errespetu gutxi erakusten die Bergarako herri ekimenei. Zentzu horretan, EAJk eta atez atekoaren kontra herrian sortutako plataformak bilketa sistema horren kontra jasotako 4.700 sinadurei "muzin egitea" aurpegiratu zioten Gobernuari: "Hauteskunde zentsuaren %43 suposatzen duen jendearen partaidetzari bizkarra ematen dio Udal Gobernuak". Ildo beretik, eta pasa den astean Udal Gobernuak egindako balorazioari erreferentzia eginez, gaineratu zuten: "Nola esan daiteke jendeak, orohar, ondo ikusi dituela Udal Gobernuak hartutako erabakiak kontrako 4.700 sinadura jaso ondoren.
Udal Gobernuak pasa den astean adierazi zuen 2012ko aurrekontuan gizarte zerbitzuetan murrizketarik ez dela egongo. Bada, horren harira EAJko zinegotziek adierazi zuten ez daudela ados "Mizpirualden 10 ohe murriztearekin" eta Gobernuak ez duela horren gaineko "pisuzko arrazoirik" eman.