Real Sociedad-Tacuba: futbolaren, bizitzaren eta baloreen bi eskola, 10.000 kilometrotara izenburupean, Anduezarekin batera, Jokin Aperribai Realeko presidentea, Iñigo Olaizola Donosti Cupeko zuzendaria eta Mila Andueza Oscar Romero solidaritate batzordeko presidentea izango dira gaurko mahai-inguruan. Jose Mari Urkiak, Baloreen Eskolako presidenteak egingo ditu moderazio lanak. Ekitaldia 19:00etan izango da, Donostiako San Telmo museoko auditorioan.
Mikel Andueza (Bergara, 1950) 1982an joan zen Ertamerikara. Orduan hasi zen El Salvadorreko gatazka armatua eta El Salvadorreko errefuxiatuekin lanean, Hondurasen eta Nikaraguan. El Salvadorrera 1987an iritsi zen eta Josefina Purgimon misiolariaren laguntzarekin Komunitateko Garapen Integralerako Elkartea abian jarri zuen. Nagusiki Tacuban, Ahuachapan departamentuan hainbat proiektu garatu dituzte. Hasieratik Gipuzkoako Oscar Romero batzordearekin kolaboratu izan du Anduezak eta, era berean, ADICeko (Asociacion para el Desarrollo Integral Comunitario) koordinatzailea da.
Reala eta ADICen laguntza
Anduezaren arabera, esperientzia guztiz aberasgarria eta ahaztezina bilakatu da Tacubako gaztetxoendako Donosti Cupen parte hartzea. Orain dela bizpahiru urte, Iñaki Galdos orduko kirol diputatuaren bitartez, Jose Luis Goñi Realeko direktiboarekin harremanetan jarri zen Andueza eta hortik etorri zen kolaborazioa. Realak kirol materiala bidali zuen Tacubara, hango gaztetxoek futbolean jokatzeko aukera izan zezaten eta Realaren kolaborazio horri esker joan den abenduan lehen futbol txapelketa antolatu zuten. 60 taldetan banatuta, 800 gaztetxo inguruk hartu zuten parte eta selekzio moduko bat egin zuten Donosti Cupera ekartzeko. Reala eta ADICen laguntzaz gain, Gipuzkoako bost enpresek laguntza eman dute El Salvadorrekoak Donostiara ekartzeko. Irakeko talde bat ere gonbidatu dute aurtengo ekitaldira. Tacubakoek hamar egun egin dituzte gure artean eta Andueza hilaren 19ra arte geratu da Euskal Herrian. Haren hitzetan, "dena primeran joan da, primeran hartu gaituztelako eta gazteek izugarri gozatu dutelako. Orain esperientzia honi jarraipena ematen ahaleginduko gara Tacubako eskoletan", dio Anduezak. 41 eskola daude Tacuban eta futbolari esker esperientzia ahaztezina bizi izan dute El Salvadorretik Donostiara etorritakoek.
Oscar Romerok kooperazio fondoak gestionatzen ditu. Hauxe duzue harremanetarako e-maila: donostia@comitesromero.org.