Turboshit: "Euskaraz abestutako kantuak taldearen nortasunaren erakusle dira"

Ander Monedero 2012ko uzt. 11a, 02:00

Bergarako Turboshit hirukoteak 2007an hasi zuen ibilbidea, eta, 2011n bigarren gitarra jolea sartu, eta Turboshit izeneko diskoa grabatu zuten. Diskoa 2012ko maiatz bukaeran kaleratu zuten eta orain, lan berria aurkezten dihardute. Taldearen hurrengo kontzertua zapatuan izango da, Bergarako Kai tabernan.

2007an hirukote moduan hasi zineten eta 2011n bigarren gitarra jole bat sartu zenuten. Taldearen soinuan eragina izan al du?

Bigarren gitarrak eragin handia izan du. Bi gitarren arteko jokoarekin abestiek asko irabazi dute eta, gainera, abesteko orduan askatasun handiagoa dut.

Taldearen lehenengo lau urteetako lanaren ondorioa da Turboshit diskoa.

Disko bikoitza da eta bertan taldearen eboluzioa entzun daiteke. Hasieran, ingelesez egiten genituen abestien letrak eta orain, gazteleraz eta, batez ere, euskaraz abesten dugu. Lehenengo diskoan hasierako abestiak daude, ingelesez abestutakoak. Bigarren diskoko abestiak, berriz, berriagoak dira, eta gazteleraz eta euskaraz abesten ditugu. Euskaraz abestutako kantuak taldearen nortasunaren erakusle dira. 

Entzuleek abesten duzuena ulertzea eskertzen dute? 

Bai, euskaraz abestutako abestietan ikusleek estribilloak kantatzen dituzte eta hitzekin identifikatzeko aukera gehiago dituzte. Gainera, guk egiten dugun musika, normalean, ingelesez eta gazteleraz entzutera ohituta gaude, eta euskaraz abestuta taldeak nortasuna hartzen du.

Abestiak ingelesez egitetik euskaraz egitera pasatuta, salto handia al dago?

Hasiera batean, arraroa egiten zitzaigun; normalean entzuten ditugun abestiak ingelesez dira, eta hori imitatzea errazagoa da. Baina abestiak egiten joan ahala, sentitzen duguna adierazteko erraztasuna lortu dugu eta emaitzarekin oso gustura gaude. 

Diskoa non grabatu duzue?

Bergarako DB Uhinekin grabatu dugu, Elosuko abade-etxean. 2011ko uztail eta abuztu bitartean grabatu genuen eta emaitzarekin pozik gaude.

Ingelesez abestutako diskoko kantuak hirukote zinetenean konposatu zenituzten.

2007tik 2010era bitartean egindako abestiak dira. Gero, 2011n, taldean Juanmi sartu zenean, bi gitarretara moldatu genituen: abestietan konponketak egin, eta zenbait gauza aldatu genituen. Bigarren diskoko abesti gehienak, berriz, laukote moduan egin genituen.

Diskoak Euskal Herriko punk-rock taldeen eta 90eko hamarkadako Europa iparraldeko soinuan du oinarri.

Ingeleseko abestiek Eskandinaviar ukituak dituztela esan digute. Hizkuntzak asko egiten du, gure gustuko musika da, estilo hori asko entzun dugu, eta normala da ukitu hori izatea. Abestiak egiteko orduan bi estilo horietan oinarritzen gara.

Amarga sensación abestian bi ahotsetara abestu eta pianoa sartu duzue.

Genero biolentziaren aurkako abestia da, eta ahotsak eta pianoak ukitu desberdina eman diote. Bi ahotsetara grabatzea erabaki genuen, eta Leire Ibartzabalen ahotsak indar handia eman dio. Pianoa sartzearena estudioan erabaki genuen, Fernando Laskurain gonbidatu eta pianoaren konponketa egin zuen. Abestiaren emaitzarekin oso gustura gaude.

Rock industria abestian irrati forma kritikatzen duzue.

Irrati formularen eta musika industriaren irizpideen aurka gaude, abesti berdinak behin eta berriz errepikatzen dituzte, eta musika alternatiboa sistematikoki baztertzen dute. Rockaren industria zapaltzeko jaio gara kantatzen dugu, industria irizpide ekonomikoetan gidatzen da, eta ez musikaletan.

Zertan oinarritzen zara abestien letrak egiteko orduan?

Era askotara egiten ditugu abestien letrak: batzuetan, esaldi bat asmatu eta hortik abiatzen gara; beste batzuetan, musika egin eta gero egiten ditugu... Ez dugu metodorik jarraitzen.

Nola banatu duzue diskoa?

Diskoa Bergarako eta inguruko herrietako tabernetan salgai jarri dugu. Irailean Internetez promozioa egingo dugu eta irrati libreetara diskoaren demoak bidaliko ditugu. Gure helburua Euskal Herrian ahalik eta kontzertu gehien jotzea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak