Kutxa Ekoguneak bultzatutako azoka jasangarriak herritar ugari erakarri ditu goizean Bergarako San Martin plazara. Kontsumo jasangarria bultzatzea da azoka ibiltari horren helburua eta zeregin horretan beste kontsumo eredu bat posible dela ikusi ahal izan dute azokara hurbildutako herritarrek, bizimodu jasangarria egiteko aukerak badaudela, azken batean.
Ekoizle ekologikoak, eskulangileak, material birziklatuekin lan egiten dutenak eta energia berriztagarrien sektoreko enpresek hartu zuten parte. 25 postu jarri zituzten guztira eta askotariko produktuak ikusteko aukera egon zen, zazpi ataletan banatuta. Esaterako, elikadurarekin lotutako produktuen artean etxean egindako gozoak zeuden, eztiak, gazta, ogia, barazkiak eta baita garagardo artesanala ere.
Eskulangintzari dagokionez, zapata ekologikoak zeuden, hosto metalizatuak eta bitxiak. Ekoetxean, xaboi naturalak, umeendako arropa, tinte naturalaz egindako arropa eta fardel berrerabilgarriak; baita eguzki energiaz funtzionatzen duten jostailuak ere.
Berrerabilpenari eskainitako gunean, berriz, Sin Desperdiciokoek egindako banderola publizitarioetatik eratorritako apaingarriak, altzari berrerabilgarriak eta bitxi berrerabilgarriak ikusteko eta erosteko aukera izan zuten herritarrek. Auto elektriko bat ere jarri zuten ikusgai.
Herritarrekin hartuemona
Kutxa Ekoguneak bigarrenez antolatu du aurten azoka ibiltari hori eta herritarrekin harreman handiagoa izateko zenbait berrikuntza gehitu dizkiote aurten, Aizpea Arregi antolatzaileetako batek azaldu duenez. Hori horrela, umetxoendako eskulan tailerrek eta postuetako arduradunek zein azokako gidariek emandako azalpenek osatzen dute eskaintza. Orduro zozketa ere egin dihardute.
Eguerdiko etenaren ondoren, ireki dute berriz, 19:30ak arte.