Azken bi asteotan udaleku musikalak egin dituzte Bergaran eta bertan ibili diren haurrek amaiera ekitaldia egin dute gaur Zabalotegi aretoan. Guraso eta senide ugari batu dira haurrek ikasirikoa ikusteko.
'Erlauntzen sekretua'
Propio sortutako 'Erlauntzaren sekretua' izeneko ipuin musikatua egin dute udaleku musikalekoek. Hala, erleak, baserritarrak, sorgina eta ardiak ikusi ditugu taula gainean. Testua Joxe Iturraldek idatzi du eta musika David Azurzak sortu du.
Amaiera, Zabalotegi aretoan batutakoen txalo zaparrada jaso dute, izan ere, neska-mutikoek lan bikaina egin dute.

Musika modu ludikoan
Antzerkia, dantza eta kantua uztartu dituzte emanaldian. Izan ere, horiexek izan dira udalekuetan landu dituzten arloak Sara Cozar, Miren Garikano eta Patxi Monteroren zuzendaritzapean.

"Udalekuak izanik, ondo pasatzea da helburua. Lortu nahi dena da haurrek musikarekin kontaktu bat izatea beste modu ludiko eta dibertigarri batean", adierazi digu Monterok.
Udalekuetan gaurko antzezlana prestatzeaz gain, abesti eta dantzak ere ikasi dituzte.