Nolakoa da Erbestea lana?
Entzule batzuek nostalgikoa dela esan didate, eta beste batzuk, berriz, alaia. Eta uste dut biek dutela arrazoia, izan ere, abesti sutsuak eta nostalgikoak, biak ditu. Erbestea izena berak ere badu nostalgia ukitua.
Eta nortzuk zarete Trakas?
Aurreko diskoa atera nuenean, Panza de burro (Errabal 2008), banda bat egiteko gogoarekin bukatu nuen. Horretan pentsatzen hasi eta taldekide bila hasi nintzen. Abel Boquera organo jotzaileari eta Caspar St. Charles bateria jotzaileari deitu nien, nire asmoaren berri emateko, eta animatu ziren bandako kide izateko. Jordi Matas gitarra jotzailea da taldeko laugarrena. Blues, soul eta antzeko doinuetan maisu dira hirurak eta nik egindako kantuetara nola moldatuko ote ziren kezka txikia banuen, baina ondo baino hobeto egiten dute.
Zeure neurrira egindako banda.
Bai. Grabazioetan, esaterako, Dani Dominguez bateria jotzailea ere izan da gurekin, eta diskoa Bartzelonan aurkeztu genuenean, hango Jamboree dantzalekuan, bateria jotzaile biekin egin genituen kontzertuko azken bi kantuak. Ondo elkar ulertu zuten, berotu ziren eta primeran atera zen kontzertua. Entzuleei ere asko gustatu zitzaien.
Zergatik jazza?
Ni baino lau urte zaharragoa den anaia Bitorrek ekarri zuen doinu hori etxera. Egunero entzuten genuen musika hori gauetan; behin eta berriz entzuten genituen diskoak. Nik 10 urte nituenean, saxoa ekarri zuen eta iraultza izan zen hori. 12 nituela, musika banda bat ikusi nuen Bilboko Aratusteetan jotzen, eta tronpeta erosteko eskatu nion aitari. Handik aurrera musikari lotuta egon naiz. Ingeniaria eta peritu industrial ikasketak bukatu nituenean Bartzelonara joan nintzen. Anaia han zegoen eta musikatik bizi zitekeela esan zidan. Ez nuen sinesten. 19 urte pasa dira.
Hemen bestelako musika gehiago entzuten da jazza baino.
Donostia, Getxo edo Gasteizko jazz jaialdiak egiten dira, bai, eta hori oso ondo dago, baina sarea sortu behar da. Hor inbertitu behar da dirua.
Nolakoa izango da Bergarako gaurko kontzertua?
Gure azken diskoko kantuak joko ditugu, noski. Eta denetariko piezak entzungo dituzte entzuleek: groove kutsukoak, abesti beroak, eta baita nostalgikoak ere.
Pozik Bergarara zatoztelako?
Oso pozik. Bai Euskal Herrira gatozelako, eta bai Bergarara gatozelako ere. Egia esan, ni neu uste dut behin bakarrik egon naizela Bergaran. Galarza eta Zeziagaren arteko pilota partidua ikusten egon nintzen. Asko gustatzen zait esku pilota.