Kutxa Ekoguneak bultzatutako EkoBira azoka jasangarria antolatu du aurten bigarrenez. Hain justu ere, kontsumo jasangarria eta solidarioa sustatzea da Kutxa Ekogunearen ildo estrategikoetako bat eta horren baitan bultzatu du azoka aurten bigarrenez.
Gipuzkoako 10 herritan barrena ibiliko da, eta bihar, zapatua, Bergarako San Martin plazara iritsiko da. Jasangarritasunaren azoka da EkoBira eta bere helburua gizartea ingurumen gaietan kontzientziatzea da, eta baita zerbitzu eta produktu ekologikoagoak kontsumitzeko aukera ematea ere.
Besteak beste, hauek dira azokan izango diren postuak:
- Produktu ekologikoak ekoizten dituzten nekazariak eta artisauak.
- Material birziklatuekin egindako produktuak.
- Energia berriztagarriekin lotutako enpresak, beraien produktu eta zerbitzuak gizarteratu nahi dituztenak.
- Sabela berdintzeko taberna ekologikoa.
- Etxeko txikienek ikasiz ondo pasatzeko aukera. Ingurumen heziketarekin lotutako tailerrak.
- Herritarrek bigarren eskuko produktuak trukatu edo debalde oparitzeko aukera izango dute.
Aurten berrikuntzak daude
Hitzaldi eta tailerrak: Aurten EkoBiran salmenta eta informazioko postuak izateaz gain bizimodu jasangarriago baterako bidea irekitzeko hitzaldi eta tailerrak antolatuko dira egun osoan zehar, egitarau interesgarri bat lortuz.
Debalde eta bigarren eskuko postua: herritarrek erabiltzen ez dituzten gauzak badituzte EkoBirara ekarri eta postuan utz ditzakezu antolakuntzak sal ditzan. Besterik gabe beste pertsona batek debalde erabili dezakeela uste badute postuan utz ditzakete baita ere. Gauzak salmentan jarri nahi izanez gero, ondoren azoka bukatzean bila etorri beharko lirateke.
Taberna ekologikia: Aurreko urteetan herri batzuetan aukera hau izan ondoren aurten EkoBira guztietan taberna ekologiko batez gozatuko dugu.
Zozketa: Gainera EkoBiran produkturen bat erosten duten guztiek Kutxa Ekogunearen postuan egingo den zozketa batean parte hartuko dute.
Iaz bezala, Emaus Fundazioak bere esperientzia eskainiko dio Kutxa Ekoguneari azoken antolaketan.