Uste baino askoz ohikoagoa da irakurtzeko zailtasuna izatea eta uste baino askoz arazo gehiago sortzen ditu ondo irakurtzen ez jakiteak. Alberdik badaki hori eta bere umearen arazoa konpondu edo hobe dezakeen metodologia bat ezagutu berri du: Prakagorri metodologia. "Getxoko enpresa bat da eta jakin dut erabiltzen duten metodologiak oso emaitza onak ematen dituela. Debagoienera etor daitezen, 15-21 pertsonako taldea osatu beharra dago, eta horixe da nire nahia. Nire egoera berean dauden pertsonak batzea taldea osatu ahal izateko".
Arazoak badu konponbidea
Prakagorriko Gorka Aurrek azaldu digu euren lanaren gakoa litzatekeela irakurtzeko modu zaharra alboratu eta berria erakustea: "Gure helburua izaten da ikus-eremu periferikoa zabaltzea eta buruari eta begiei beste modu baten irakurtzen irakastea".
Arazoa konpon daitekeela eta oso emaitza onak lor daitezkeela azaldu du: "Kasu askotan, irakurtzeko abiadura hiru edo lau bider bizkortzea lortzen dugu, eta ulermen maila ere asko hobetzen dugu. Beti esaten dugu garrantzitsuena dela zure egoera ezagutzea, zure zailtasun maila zehaztea. Hori eginda, ondoren etor daitekeen guztia hobekuntza izango da. Beraz, gurasoek ez dezatela beldurrik izan. Arazoak, askotan, konponbidea du".
Egoera berean daudenei deia
"Debagoienean taldea osatzeko interesa duen edonork dei dezala 690 39 44 92 telefono zenbakira, eta emango dizkiot beharrezko azalpen guztiak", dio Alberdik. www.prakagorri.es helbidean ere izango dute informazioa.